Ikastetxeetako jolastokiez eskola-orduz kanpo gozatzeko aukera izango dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 14:00
Oriarte BHI Landaberri eraikineko jolaslekua izango da 'Patioak irekita' ekimenaren guneetako bat.

Lasarte-Oriako Udalak Patioak irekita ekimena martxan jarriko du astelehenetik aurrera. Herriko hiru ikastetxeetako jolasleku estaliak erabili ahalko dituzte haur eta gazteek eskola-orduetatik kanpo. Oriarte BHI Landaberri eraikineko jolaslekuaz gain, Landaberri Garaikoetxea eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Sasoeta eraikineko guneak irekiko dira

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta Nagoren Duran Parte-hartze Batzordeko buruak Patioak irekita ekimena aurkeztu dute.

Honen bitartez, martxoaren 2tik aurrera, Oriarte BHI Landaberri eraikineko, Landaberri Garaikoetxea eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Sasoeta eraikineko jolaslekuak herritarrei irekiak egongo dira ordutegi zehatz batean. Udaltzainak arduratuko dira jolaslekuak ireki eta ixteaz. Astean zehar, eskola amaitu eta 20:00ak arte egongo dira erabilgarri hiru guneak eta asteburu eta jai egunetan, 16:00etatik 20:00etara. "Haurrek euren egunerokoan ezagutzen dituzten eremuak dira eta horregatik seguru egon ahal dira," adierazi du Parte-hartze saileko buru Duranek.

Orain arte, Oriarte BHI Landaberri eraikina erabiltzeko baimena zuen bakarrik, Ikastetxeekin hitz egin eta Hezkuntzara baimena eskatu ostean, beste bi guneak gehitu ditu udalak eskaintzara. "Oriarte BHI Landaberri eraikineko jolaslekuaren baimena lortu zen aurreko legealdi batean eta gazteek erabiltzen zuten. Moldaketa bat egingo da eta ordutegi zehatzagoa izango du, hirurak ordutegi bera izateko," adierazi du Lasarte-Oriako alkateak. 

Horrez gain, ekimena Euritan jolasean prozesuaren hausnarketaren ostean sortutako emaitzen ondorio dela azpimarratu du Valdivia alkateak. Patioak irekita esker, laster Lasarte-Orian eguraldi txarra dagoenean kirola egin edo jolasean egoteko sei eremu estali egongo direla jakitera eman du. "Atsobakar parkean, egoteko gune bat estali zen. Zaintzaileak ere gustora egoteko lekuak behar baitituzte. Mahaiak eta bankuak jarri ziren ere eta harrera ona izan du. Basaundi bailaran aurki jolasleku estalia izango da. Isla plazako estalkiaren lehiaketa esleitu dugu". Eremu horiek guztiak herritarren eskaerari erantzuna emateko nahikoak direla ere adierazi du.