Iraia Iparragirre: "Gauzak ez dira errazak izango. Horrek borrokatzeko gogo gehiago ematen dizkit"

Nerea Eizagirre 2020ko uzt. 9a, 09:30
Iraia Iparragirre herritarra, derbiko korner batean lehian. Arg.: Real Sociedad.

Iraia Iparragirre Argandoñak (Lasarte-Oria, 1995) bi urtez berritu du kontratua Real Sociedad taldearekin. 2020-2021 denboraldia seigarrena izango da herritarrarentzat eta ziurgabetasunez eta berrikuntzaz beteta datorrela nabarmendu du herritarrarekin izandako solasaldian

Iraia Iparragirre Real Sociedadeko defentsa pozarren dago kontratu berritzearekin. "Ez du inor horrelako pribilegioa. Urte hauetan egin dudan bezala, pertsonalki hazten jarraitzeko aukera da. Talde bezala, taldeari mesede egin ahal diezaieketen trebetasunekin nire aletxoa jartzen saiatuko naiz," adierazi du.

Hainbat berrikuntzari aurre egin beharko die aurtengo denboraldian. Esate baterako, Real Sociedad taldean hainbat aldaketa izan dira azken hilabetetan, nabarmenena Gonzalo Arconadaren agurra izan da. 

Arconadak hiru denboraldi egin ditu taldea zuzentzen eta 2019 urtean Erreginaren Kopa lortu zuen. Orain, Realaren talde teknikoan egongo da lanean.

Bere lekua Natalia Arroyok, Kataluniako selekzioko entrenatzaile eta Barcelona eta Espanyoleko jokalari ohiak beteko du.

"Oso pozik nago entrenatzaile berria etorri delako. Niri beti eman dit pena denbora luzez entrenatzaile izan ditudan pertsonak joatea. Baina futbola horrela da eta egoera guztietara moldatu behar zara," azpimarratu du Iparragirrek.

Hala ere, lan gogorra izango du aurretik herritarrak. "Entrenatzaile berria datorrenean, borroka egoten da jokalarien artean. Azkenean denok nahi dugu jolastu eta geroz eta zailago dago titular bezala jokatzea," adierazi du. 

Horregatik, Arconadak beregan jarritako konfiantza eskertu du eta  Arroyoren hamaikakoan egoteko lan egingo duela ere nabarmendu du Realeko defentsak. "Gauzak ez dira errazak egongo, baina ez dira egon inoiz. Ni pertsonalki hazten noan heinean ere, horrek borrokatzeko gogo gehiago ematen dizkit. Ikusiko da aurrerago entrenatzen goazen heinean, minutuak jokatzeko aukera daukadan. Oraindik ezin da jakin. Ni oso gogotsu nago".

Iparragirrek ez du entrenatzaile berria ezagutzen baina "berari buruz ongi hitz egin didate," onartu du. 

Arroyo futbol jokalari ohi izatea taldearen onurako izango dela uste du herritarrak: "Jokalari ohi bezala enpatia hori izan dezake gugan, badakielako zer den egoera horretan egotea eta horrek elkar ulertzeko erraztasun gehiago eman ahal ditzakeelako". 

Balio erantsi bat ere badu,  Iparragirreren ustetan, emakumea izatea. "Emakume bezala, borroka honetan, gero eta emakume gehiago ikusten direnez entrenatzaile lanetan, pozik nago zentzu horretan".

Entrenatzaile berriak "aldaketa txikiak" egitea ere Iparragirrerentzat motibagarria dela jakitera eman digu.

Jakinarazpenen zain

Reala talde sendoa osatzen ari da hurrengo denboraldira begira, baina Lasarte-Oriako jokalariak aitortu duenez oraindik zalantza asko dago Iberdrola Liga hasierari buruz, "ez dakigu noiz hasiko den, ez zer pasako den..."

Ondorioz, Realak oraindik ez die jakinarazi denboraldi-aurreko entrenamenduak noiz hasiko dituzten. "Liga hasierako data zehazten denean, taldeek denboraldi-aurrea noiz egin finkatuko dute".

Iparragirre gogoz itxaroten ari da momentu hori, "gogoekin nago berriro ere Zubietan entrenatzen hasteko. Etenaldi luze hau gogorra egiten ari da. Ohituta geunden egunero entrenatzera eta hainbeste hilabetez entrenamendu bat ere egin ez dugula ikustean faltan botatzen da".

Aurtengoa urte bitxia izaten ari dela ere nabarmendu du herritarrak. "Denboraldia bertan behera utzi zenean pena handia izan genuen. Egoerak erabaki horiek hartzera eraman zituen. Orain, pixkanaka ikusiko da egoerak zertara eramaten gaituen eta neurriak jarraituaz, ea ahalik eta azkarren hasten garen Zubietan entrenatzen eta harreman hori edukitzen".

Profesionaltasuna
Parekidetasunaren alorrean pausoak ematen ari dira ere Iberdrola Ligako taldeak. Otsailean, lan hitzarmena sinatzea lortu zuten.

"Mutilen eta emakumezkoek ezberdintasuna pixkanaka gutxitzen joatea eta duintasun baten guri ere behar bezalako izena ematea nahi dugu," aldarrikatu du Iparragirrek.

Lan hitzarmenak jokalarien egoera hobetu duela onartu du Iparragirrek. "Larrialdi-egoera hasi aurretik, lan hitzarmena lortzeak mesede handia egin digu eta prekarietate egoeratik ateratzeko oinarria lortu dugu. Baina hor ez da bukatzen. Gu oraindik ez gaituzte profesionaltzat. Tristea da, honetan %100 jarduten garelako".

Horregatik, maiatzean kluben elkarteak eta sindikatuek ligaren profesionaltasuna eskatu zioten Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari. Erakundeak ez du erantzunik eskaini, Espainiako futbol federazioak, ordea, estatutuak aldatu eta ekaina hasieran, profesionalizatu bezala kontsideratu du.

"Liga hasiera honetan zer gertatzen den ikusi beharko da, guztia airean dago-eta. Babestuago sentitzen gara, gutxietsi gaituzte eta balioa eman digute, baina ikusi beharko da," nabarmendu du herritarrak.