Kirolari profesionalek berriro ere lanean hasteko aukera eman die Gobernuak maiatzaren 4tik aurrera. Maialen Chourraut piraguista, Ander Bardaji eta Iraia Iparragirre futbolariak, Axier Arteaga pilotaria eta Lorena Zabala izotz-hockey jokalaria dira egun maila horretan lehiatzen diren herritarrak, baina egoera ezberdinak bizi dituzte.
Axier Arteaga, Arteaga IIa pilotariak aukera izan bezain pronto hasi nahi zuen pilotakadak ematen. Baina baimen arazoak medio, maiatzaren 13an, hasi behar izan du lanean eta Usurbilgo pilotalekuan, gainera.
"Maiatzaren 4tik baimena genuen pilotariek laguntzaile batekin entrenamenduak hasteko eta enpresako beste pilotariak egun horretan itzuli ziren pilotalekuetara. Lasarte-Oriako Udalari baimena eskatu nion, maiatzaren 11an hasteko aukera izango nuela uste nuen, baina azkenean ukatu egin zidan," jakitera eman du pilotariak.
Usurbilgo Udalarekin harremanetan jarri zen, orduan. "Aranguren aginarrak Usurbilen entrenatzen zuela jakin nuen eta han baimena eskatu nuen. Ez zidaten arazorik jarri".
Pilotariak lehiatzeko gogoekin daudela jakitera eman digu herritarrak, baina "enpresek ez dute argi ikusten oraindik partidak jokatzea". Horregatik, gutxienez, ekaina erdialdera arte pilota partidarik egongo ez dela uste du Arteaga IIak.
Futbol denboraldiaren itzulera ere aurreikusten da data horietan. Bigarren mailako Huesca SD taldea eta horrekin batera, Ander Bardaji atezaina lanean ari dira ordurako prest egoteko. SD Ejean denboraldia hasi ostean, egun lehen taldearekin ari da entrenatzen herritarra.
Maiatzaren 11ko astean bakarka egin zituzten saioak futbolariek eta aste honetan multzo txikietan ari dira lanean.
Data zehatzik ez
Gainerako kirolariek ez dute lehiaketara itzultzeko data zehatzik, eta kasu batzuetan gainera, ez dira entrenamenduetan hasi ere.
Maialen Chourraut piraguistak, esate baterako, maiatzaren 4ean hasi zituen entrenamenduak La Seu d'Urgellen. Lehen astean, urari eta piraguari ohitzeko lanak egin zituen palistak; aste bete beranduago, ordea, bere ohiko entrenamendu lekuan, La Segreko kanal olinpikoan, lanean hasi zen.
Iraia Iparragirre futbolariak, berriz, ez daki noiz itzuliko den Zubietako zelaira. Iberdrola Liga bertan behera geratu ostean, Real Sociedad taldeak oraindik ez die zehaztu jokalariei saioen hasiera datarik.
Gasteizko Sumendi izotz-hockey taldeko Lorena Zabala herritarra ere egoera berean da. Martxoan itxialdiarekin batera ligari amaiera eman zioten. Abuztua erdialdean hasi ohi dute denboraldi-aurrea lan fisikoarekin eta irailean izotzean sartzen dira liga hasiera prestatzeko. Baina aurten egoeraren arabera moldatu beharko direla aitortu du Lasarte-Oriako jokalariak. "Gure gainera, kontaktuko kirola da eta, beraz, guztia airean dago".