Uztaileko kultur ekitaldi sorta, Okendon eta protokoloarekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 30a, 16:00
Ezker-eskuin: Xabier Goitia teknikaria, Agustin Valdivia alkatea eta Maite Iglesias Kultura batzordeko burua.

COVID-19ak eragindako krisiagatik hiru hilabete kultur agendarik pasa eta gero, uztaileko ekitaldi sorta aurkeztu du gaur Lasarte-Oriako Udalak. Zortzitik zazpi Okendo plazan izango dira, eta protokolo bat diseinatu da edukiera, sarrera eta irteera kontrolatzeko. 200 pertsona baino gehiago ezingo dira ikuskizunez gozatzera joan. Ostiral honetan egingo dute aurrenekoa, uztailak 3, 19:00etatik aurrera Okendon: Hutsun Ortziren Urbasa antzezlanak irekiko du Kale Antzerkia Bultzatuz zikloa.

Uztaileko kultur agenda aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Hori aurkezteko prentsaurrekora aurreko urteko urrian joan ziren azken aldiz kazetariak; agendaren formatua aldatzen zuenaren berri eman zuen udalak orduan. Beste eskuorri mota bat eta beste maiztasun batekin: hiru hilabetetako ekintzak jasotzen zituen liburuxka bat. Orain, COVID-19aren pandemiak hala eraginda, uztail amaierara arteko emanaldiak lotu dituzte, ez baita ziurra zein bilakaera izango duen birusak ordurako. "Pixkanaka-pixkanaka saiatuko gara normaltasun berrian sartzen eta ekintzak antolatzen, ikusiko dugu nola joan gaitezkeen gero eta gehiago egiten", adierazi du Agustin Valdivia alkateak.

Segurtasun protokoloa

Udaleko kultur teknikari Xabier Goitiak azaldu duenez, uztaileko kultur agendako ekintza ia guztiak Okendo plazan egingo dira, espazio horretan posible delako beharrezko osasun eta segurtasun neurriak ezartzea. Adibidez, 200 pertsonako edukiera maximoa. "Berez, ikus-entzuleen arteko metro eta erdiko distantzia mantenduta posible zen pertsona gehiagorentzat aulkiak jartzea, baina nahiago izan dugu edukiera apur bat murriztu eta egoera errazago kontrolatu".

Lau pertsonaren artean zainduko dute segurtasun eta higiene neurriak betetzen direla. Maskara jantzita eraman beharko dute ikus-entzuleek, aulkietan esertzen diren arte, metro eta erdira egongo denez bata bestearengandik, ez delako beharrezkoa izango. Eserlekuak ez dituzte aurrez erreserbatu beharko herritarrek. Sarrera eta irteera puntu bana zehaztuko ditu udalak, eta mailakatuta aterako dira lasarte-oriatarrak plazatik emanaldi bakoitza amaitu eta gero.

Egitarauko ekitaldiak

Kale antzerkia, dantza, kontzertuak eta zinema. Lau diziplina horiek jorratzen dituen ikuskizunekin osatu du egitaraua udalak. Doakoak izango dira ikuskizun guztiak. Lehenengo emanaldia ostiral honetan izango da, uztailak 3, 19:00etatik aurrera Okendo plazan. Hutsun Ortziren Urbasa antzerkia ezagutzeko aukera izango dute lasarte-oriatarrek. Eguraldi txarra egingo balu, atzeratu egingo lukete ikuskizuna. Kale Antzerkia Bultzatuz zikloa beste hiru ikuskizunekin osatu dute: uztailaren 9an, ostegunez, 20:00etan, Fundamentua ikuskizuna eskainiko du Tio Teronen Semeak taldeak; astebete beranduago, 16an, Okendon eta 19:00etatik aurrera, Gag Street Boys emanaldia taularatuko dute Iñigo Salinerok eta David Gutierrezek; eta, amaitzeko, hilaren 24an, ostiralarekin, Erre Produkzioa konpainiak Piraten istorio bat eskainiko die txikienei, 19:00etan hasita.

Okendo Zinema Taldearekin elkarlanean, udako emanaldi sorta ere uztailean zehar egingo dute. Aurrenekoa, uztailaren 8an, asteazkenez, Okendon, 22:15etik aurrera: Isla de perros, Wes Andersonek zuzendutako luzemetraia. Bigarren filma (dokumentala, kasu honetan) uztailaren 22an proiektatuko dute, asteazkenarekin baita ere, toki eta ordu berean: Amazing Grace. Aretha Franklin abeslari mitikoak 1972. urtean New Temple elizan eskainitako kontzertuaren materialarekin eginda dago.

Dantza Zirkuitoa ere hilabete honetan itzuliko da. XVII. edizioa izango da aurtengoa. Kresala Dantza Taldeak eskainiko du emanaldia uztailaren 17an, ostiralarekin, 19:00etatik aurrera Okendo plazan. Ikonografiak lana ekarriko du herrira.

Azkenik, Alboka Abesbatzak ikasturte amaierako kontzertua eskainiko du uztailaren 11n, larunbatez, San Pedro parrokian, arratsaldeko zortzietan hasita. COVID-19a tarteko, aste batzuez atzeratu behar izan dute musika emanaldia.