Kultur agendak, formatu aldaketa

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 14:00

Eskuorritik liburuxkara. Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailak kultur agendako eskuorria berritu du. Azaroako eta abenduko egitaraua ere aurkeztu dute

Egun hauetan Lasarte-Oriako etxebizitza guztietara iritsi da dagoeneko kultur agendako liburuxka berria. Maite Iglesias Kultura zinegotziak, Manuel Lekuona Kultur etxeko kudeatzaile Xabier Goitiak eta Juantxi Ugarte Kultura teknikariak agendaren formatu aldaketaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Kulturako liburuxka berrian, hiruhilabete bakoitzeko ekimenak ezagutu ahalko ditu herritarrak. "Helburua herritarrek Lasarte-Orian egiten diren kultur ekintzen berri garaiz izatea da. Askok informaziorik jasotzen ez dutela edo publizitate gutxi egiten dugula esan digute. Era honetara, herritarrak hiruhileko bakoitzan udalak antolatzen dituen gauzen berri izango dute eta bere agenda antolatu dezake horren arabera."

Salbuespen bat dagoela zehaztu du Xabier Goitia Manuel Lekuonako kudeatzeaileak. "Zinemaren kasuan, ezin ditugu film guztiak zehaztu. Estreinaldien eta banaketa-enpresen menpe gaude horretan. Lehen hilabetekoak bakarrik argitaratuko ditugu eta gehigarri gisa, hilabete bakoitzeko agendako eskuorri bat egingo dugu".

Lehen orrialdeetan hilabete bakoitzeko agenda ikusi ahal da begi kolpe batean: ekintzaren data eta ordua, izena, hizkuntza, lekua eta sarreraren prezioa. Informazio zehatzagoa lortzeko azken zutabean agertzen den orrialdera jo beharko dute interesatuek.

Ekimenak gainera, koloreetan banatu dituzte. Horia zinema da; zine foruma, berde iluna; antzerkia, laranja; erakusketak, granatea; opera digitala, morea; ipuin kontalariak, berdea; musika, urdina; jaialdiak, gorria eta lehiaketak eta ekintza bereziak, zuria.  

Formatu aldaketak herritarren eskaera bati erantzuten diola azaldu du Goitiak. "Hainbat herritarrek eskuorria baino agenda erabilgarriagoa eskatu dute eta ondorioz, formatu hau kaleratzea aukeratu dugu. Erabilgarriagoa da eta diseinu landuagoa du".

Antzerkia nagusi, azaroan eta abenduan

Era berean, 2019 urteko azken bi hilabeteetako kultur egitaraua aurkeztu dute. Zinea, erakusketak, musika, lehiaketak, ipuin kontalariak, Gabonetako Haur parkea... denetarik izango da azaroan eta abenduan Manuel Lekuonan. Guztien artean presentzia handiena antzerkiak izango du. Zazpi antzerki lan izango dira bi hilabete hauetan, horietatik bi genero indarkeriaren astearen barruan txertatu dira: El encaje roto eta Erradikalak ginen.

Ezezagunok antzerki elkartearen La paz y otras lunas antzerkia edo Zaldi urdiña antzerkia nabarmendu dituzte. "Ezezagunok antzerki amateurra egiten duen taldea da eta aniztasun funtzionala duten pertsonez osatua dago. Aristofanes filosofoaren La paz lanean oinarritutako anatzelana dakarte," aipatu dute.

Zaldi urdiña, berriz, Artedrama, Axut! eta Dejabu antzerki taldeek elkarrekin sortutako proiektua da. Estreinatu berri den antzezlana abenduaren 20an izango da Lasarte-Orian. "Droga eta bere menpekotasunari buruzko lana da. Ikastolekin lantzeko aukera ematen du eta horregatik, ekarri dugu. Saio bikoitza egingo dute bata ikastoletarako goizean eta beste, irekia arratsaldean," azaldu du Goitiak.

Herriko elkarteek antolatzen dituzten ekimen ugari izango da. Azpimarragarria da Jalgune elkarteak azaroaren 30ean egingo duen jaialdia. "Aforo aldaketa dela eta, jende asko kanpoan geratuko dela aurreikusten da. Horregatik, proba bat egingo da eta abenduaren 3an, aniztasun funtzionala duten pertsonen nazioarteko egunean emanaldiaren grabazioa eskainiko da," arrazoitu dute.

Ekimen hauetaz gain, urtea amaitu baino lehen egingo den gospel emanaldia ere izan da hizpide. "Orain arte, laukote edo boskoteak ekarri ditugu. Ariane Nsilulu & shine gospel emanaldian, zortzi kide izango dira oholtzan eta maila oneko ikuskizuna eskainiko dute," jakitera eman du Goitiak.