Edu Galardi herritarraren bitartez eskuratu ditu Txintxarri-k garai horietako testigantzak, eta urtez urteko jaien programak ere bai. Urteak daramatza biltzen, fisikoki zein birtualki. Dokumentu zaharrenak Hernaniko artxibotik eskuratu ditu, orrialde honetan ikus daitekeen 1932ko egitarauarena kasu. Programa guztiak esteka honetan ikus ditzakezue.
Lander kronikagile nekaezinak kontatzen zuenez, San Pedro egunean, ekainak 29, goizean goizetik zegoen jai giroa: suziriak, kanpai hotsak, txistuak, algara... Gaztetxoek txanponen bat izaten zuten poltsikoan goizetik, eta ez zuen asko irauten bertan, besteak beste, erroskila goxoak erosten zituztelako. Meza nagusira joaten ziren gero, hamarretan. Irtetean, hamaiketakoa egiten zuten, eliza parean herritar ugarik soka-dantza dantzatu bitartean. Hernaniko abesbatza etorri ohi zen eguna girotzera, baita herritarrak familian bazkaltzen ari ziren bitartean ere.
Parranda egiteko aukerarik ere bazen, Lander-ek gogoratzen zuenez: "Erbesteko 'pa'randeruekin' batera beste bi egun jai osoz igaroaz, soiñ eta gogoz ler eginda, urrengo urteko "San Pedruak" u'ruti zaudela gogoratu utcakin, tristura galanta".
Sentipen hori urtez urte berdin mantendu da, jaiak bukatzean triste egotearena, hurrengo urtekoak noiz iritsiko zain. Aurten ez da posible izango hori bera sentitzea, ez aurreko urteetan bezala behintzat, jaiak ez direlako "ohiko moduan" ospatuko 2020an. Horrek eragin du, besteak beste, esku artean hartu eta irakurtzeko programarik ez egotea aurten. Ondo bidean, 2021ekoa izango da hurrengoa.