Lasarte-Oriako ikastolari 'Academia Lander' izena jarri zitzaion hastapenean.
Jakina da egun haietan ikastolak elizaren babesa bilatu zuela, legeari zirrikitu bat topatuz, umeak euskaraz eskolaratu zitezen.
Lehenengo 'Sociedad Cultural Lasarte' izenarekin baimen guztiak eskuratu ziren baina konturatu ziren, Gobernutik kontrola handia izango zela. Beldurra sortu zen elkarte bezala sortu izanarekin eta beste batzuen bideari jarraiki, 'Academia Lander S.A' sortzearen alde egin zen. Sozietate anonimo bezala ikastolak azalpen gutxiago eman behar omen zituen.
Baina, nor zen Lander hori?
Ikastola sortzeko lanetan ibili ziren besteak beste Pako Azpitarte eta Mikel Amenabar. Hauei galdetuta zera erantzun zuten: “Egun batean German Rekondok Landerren izena proposatu zuen. Berak azaldu zuenez, gizon honek euskararen alde lan asko egin zuen eta merezi zuela halako aitortza bat herrian”.
Lander, Leandro Echaniz Aramburu zen. Lasarten 1891ko otsailaren 7an sortu zen San Pedro parrokiatik gertu zegoen Etxaniz-enea izeneko etxean.
'Zeleta'-ri, Juan Garmendia Cortadi garaiko beste herriko idazleari esker dakigu, ikasketak herrian bakarrik egin arren, oso pertsona jantzia eta jakintsua zela.
Garai hartan ikasketarik gabe, hain ezagutza maila altua izatea da Landerrengan harrigarria. Euskaraz zein gazteleraz idazteko trebetasuna berezkoa izan arren, irakaslerik izango zuela pentsa daiteke.
Euskaraz gain, gaztelera, frantsesa eta latina “apaizak bezain ondo” hitz egiten omen zituen.
Eliza gaietan eta abizen eta toki izenetan aditua, gaztetan zenbait urtez Brijitarren elizaren laguntzaile, sakristau, izan zen.
Urnietara aldaketa
20. hamarkadan Urnietan ezkondu zen. Bertan etxea egin eta bere gurasoek bezala, lasto eta pentsu biltegia jarri zuen martxan han. Horretarako kamioi pare bat eskuratu zituen ere.
1936ko altxamenduak eta ondorengo gerrak baina, hondamendia ekarri zion Landerri.
Bere seme Jesusek kontatu bezala, Francoren tropek kamioia kendu egin zioten eta Landerrek euren atzetik ibili behar izan zuen Bilbo, Santander eta Oviedon barrena kamioia berreskuratzeko.
Ez zen egoera erraza izan berarentzat. Kamioia nahi bazuen, frankistek euren-tzako lan egitera behartu zuten eta.
Gerra ondorengo gainbehera
Zigor hau bukatzerakoan aurreko bizimoduari ekin zion baina bere lanbidea oso zaila zegoen gerraosteko eskasi garai haietan.
Gasolioaren prezioa zela, murrizketak eta beste arazoak medio, kamioia saldu eta beste ogibide batzutan saiatu zen.
Semeak aipatzen duenez, Landerrek, izakera apaleko gizona izaki, beti izan zuen sorterriko mina.
“Zoriontsu zen Lasartera joaten zenean, bere lagun zaharrekin haurtzaro eta gaztaroko kontuaz hitz egiten orduak ematen zituen”.
Goiz alargundu eta ondorioz, areagotu egin zituen Lasarterako joan etorriak.
Astero etortzen omen zen, oinez edo txirrindaz, eguzkia edo euria egin, igandeetako meza nagusira. Ondoren Gure-Etxea tabernara hurbildu eta hor egoten zen kontu kontari. Jesus semeak dionez Urnietatik abiatuta Lasarte ikusten zuenean aurpegia aldatu egiten zitzaion, poza eta irriparra ageri zitzaizkion. “Ikaragarri maite zuen Lasarte”.
Euskarazko idatziak
Urnietan hil zen 1965eko uztailaren 17an egun batzuk lehenago izandako istripu batek eragindako minen ondorioz.
Hala ere, ordurako asko ziren utzitako idatziak. Lander oso gazte zela hasi zen idazten.
Euskaldun, fededun eta abertzale, EAJ alderdiaren inguruko Euzkadi agerkarian esaterako aurki daitezke bere kronika batzuk 1915 eta 1917. urteen artean idatzitakoak.
'Beste Bat' izengoitipean irakur daitezke besteak beste Hipodromoaren eraikuntzaren inguruko berriak.
Antzematen zaizkio idazkeran Sabino Aranaren proposamenak, tartean zenbait neologismo erabiltzen dituelarik.
1930eko hamarkadaren hasieran Urnietako berriemale izan zen EAJ alderdiaren inguruko agerkarietan, hala nola, 'Euzkadi', 'El Dia' edota 'Argia'.
Tarteka idatzi zituen bere haurtzaroko zenbait oroitzapen San Pedro eta Santa Ana jaien ingurukoak adibidez. Azken hau jaso da jarraian eta aipatu behar da 'Euzkadi' agerkarian argitaratu zuela Landerrek 1934. urteko Uztailaren 25ean hain zuzen ere.
Jesus semeak gogoratzen du bazuela idazmakina bat. Honekin idatziko zituen 50.hamarkadan Urnietako jaietako egitarauetan argitaratu zituen hitzaurre eta sarrerak.
Urnieta inguruko tokiei buruzko idatziak dira nagusi, ordurako ordea, idatziak gazteleraz sortu zituen Landerrek. Testuinguruan jarrita, hamarkada hura zaila zen euskararentzat.
Hernani, Azkorte, Lasarte, Adarra mendi eta Urnietako mendiei buruz ezagutza eta jakinduri handia eskeintzen duten artikuluak dira. Hauek senideek gordetzen dituzte.
Orain mende erdi joan zen Lander gogoratu nahi izan dugu, apaltasunez izan bazen ere, euskarari asko eman zion lasartearra izan zelako.