Auzoko lokala erabili ezinik jarraitzen du Zabaleta Auzolan elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 18a, 10:54

Beste prentsaurreko bat egin dute Zabaleta Auzolan elkarteko kideek Basotxo plazako lokal aurrean. Lanak bukatuta daude, baina udalarekin hitzarmena sinatuta ez dagoenez, ezin dute erabili. "Irailetik aurrera hainbat jarduera egin nahiko lituzke auzo elkarteak lokal berrian, baldintza askoz egokiagoak eta aukera gehiago eskaintzen dizkigulako; orain arteko ekintza guztiak betiko garajean egiten jarraitu dugu".

"Lasarte-Oriako Udalari eskatzen diogu, beste behin ere, uda honetan bertan auzo elkartearen eskuetan uzteko lokala, egin dezala horretarako beharrezko eta benetako ahalegina". Zabaleta Auzolaneko kideek beste prentsaurreko bat egin dute lokalaren aurrean, aurrenekotik zortzi hilabetera, bizitzen ari diren egoera publiko egiteko. "2019ko urritik, udalak ez die erantzun auzo elkartearen mezuei eta telefono deiei, eta, erantzun dienean, atzerapen handiz egin dute". Bilera bat egin zuten otsailaren 17an. "Erantzun bera jaso genuen orduan ere: hitzarmena bukatzeko zerbait falta dela". Ikasturte honetako ekintzak beti erabili ohi izan duten garajean egin dituzte, pandemia iritsi aurrekoak behintzat. 

Zabaleta Auzolanek aurreneko prentsaurreko hori egin eta gero, elkartearen arabera, udalak esan zion zarata frogak egiteke zeudela oraindik lokalean, baina "segituan" lanak amaitu eta auzo elkartearen izenean egoteko "ahalegina" egingo zuela adierazi zien. Ekainak 11n hitz egin dute bi aldeek azkenekoz: "Zarata frogak egin direla esan digute, baina obra amaierako dokumentazioa eta hitzarmena osatzeke dagoela", jakinarazi du Zabaleta Auzolanek.

Zabaleta auzoko komunitatea gero eta jendetsuagoa eta zabalagoa da, eta, beraz, behar gehiago ditu: "Kirola egitekoak salbu, ez daukagu inolako zerbitzurik, erdigunetik urrun bizi baikara. Pandemia honek erakutsi duenez, komunitatearen trinkotasun eta elkartasuna sustatzen duten neurriak beharrezkoak dira", azpimarratu du auzo elkarteak. "Lokal hau ezinbestekoa da guretzat, Zabaletako errealitate berria eraikitzen hasteko".

Prozesuaren kronologia

"Duela 20 urte baino gehiago" eskatu zion udalari Zabaleta Auzolan elkarteak bere jarduerak burutzeko lokal bat. 2018ko abenduan hasi zituen lanak udalak, eta aurtengo ekainean bukatu. Prest dago gunea, baina auzotarrek ezin dute erabili, hitzarmena ez dutelako sinatu. "Otsailaren 28an auzo elkarte guztiak bildu ginen alkatearekin eta adierazi genion akordioa ahalik eta azkarren prestatzeko beharra; gaur egun, oraindik ez daukagu zirriborroa ere", azaldu dute auzotarrek. 

2017ko maiatzean ikusi zuten auzotarrek "ametsa errealitate bihurtzeko zirrikitu bat". Basotxo plaza eta inguruko eraikinak egin zituenean udalak, kontratu bat sinatu zuen Urkilla SL enpresarekin, Zabaleta-Berriko a.3.1/6 eta a.3.1/7 partzeletan 64 etxebizitza, garajeak eta trastelekuak egiteko. Lokalaren egokitze-lanak ere hor sartu zituen. Etxebizitza horiek egiteko lizentzia 2017ko abenduaren 28an eman zion udalak enpresari. Kontratu horrek zioena aintzat hartuta, lokalak lau hilabetean behar zuen egokitua, baina aurtengo ekainera arte luzatu da kontua. "Bidea erraza izango zela zirudien, baina oztopoz beterikoa izan da; tarte horretan, behin eta berriro gogorarazi behar izan diogu udalari Urkilla enpresaren eginbeharra".

Erlazionatuak

Barrua hustu, auzoko lokala betetzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019 urr 18 Gizartea