Barrua hustu, auzoko lokala betetzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 18a, 12:00
Auzotar ugari elkartu dira lokalaren egoeraren berri emateko prentsaurrekoan, Basotxo plazan.

"Isiltasuna haustea" erabaki du Zabaleta Auzolan elkarteak; "ezinegona argitara" ateratzea. Auzoko lokal berria lehenbailehen hasi nahi du erabiltzen. Obrak bukatuta daude, baina udalarekin hitzarmena sinatzea falta da. Alkateari bilera eskatu diote urri hasieran; ez dute erantzunik jaso oraindik. "Bizilagun gehiago gara egunetik egunera; komunitatearen beharrak areagotuz doaz".

"Duela 20 urte baino gehiago" eskatu zion udalari Zabaleta Auzolan elkarteak bere jarduerak burutzeko lokal bat. 2018ko abenduan hasi zituen lanak udalak, eta aurtengo ekainean bukatu. Prest dago gunea, baina auzotarrek ezin dute erabili, hitzarmena ez dutelako sinatu. "Otsailaren 28an bildu ginen alkatearekin eta adierazi genion akordioa ahalik eta azkarren prestatzeko beharra; gaur egun, oraindik ez daukagu zirriborroa ere", azaldu dute auzotarrek. "Isiltasuna haustea" erabaki dute, "ezinegona argitara" ateratzea: barruak hustu, lokala betetzeko. "Duela bi aste bilera eskatu genion alkateari; ez dugu erantzunik jaso oraindik". Makina bat auzotar gerturatu dira prentsaurrekora. "Gero eta pertsona gehiago bizi gara Zabaletan; komunitatearen beharrak areagotuz doaz". Hamar minutuz eduki zuten aukera lokalera sartzeko eta lanak nola geratu diren ikusteko.

2017ko maiatzean ikusi zuten auzotarrek "ametsa errealitate bihurtzeko zirrikitu bat". Basotxo plaza eta inguruko eraikinak egin zituenean udalak, kontratu bat sinatu zuen Urkilla SL enpresarekin, Zabaleta-Berriko a.3.1/6 eta a.3.1/7 partzeletan 64 etxebizitza, garajeak eta trastelekuak egiteko. Lokalaren egokitze-lanak ere hor sartu zituen. Etxebizitza horiek egiteko lizentzia 2017ko abenduaren 28an eman zion udalak enpresari. Kontratu horrek zioena aintzat hartuta, lokalak lau hilabetean behar zuen egokitua, baina aurtengo ekainera arte luzatu da kontua. "Bidea erraza izango zela zirudien, baina oztopoz beterikoa izan da; behin eta berriro gogorarazi behar izan diogu udalari Urkilla enpresaren eginbeharra".

Lokala prest dagoela baina erabili ezin dutela ikusita, "urrats bat" egitea erabaki du Zabaleta Auzolanek, eta prentsaurrekoa antolatzea, herritarrei egoeraren berri emateko eta udalari "egoera konpontzea" galdegiteko. "Uler gaitzala eskatzen diogu, eta hitzarmena sinatzeko prozedura azkartu dezala".