Herriko merkatarien egoera - Jalgi Kafe Antzokia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mai. 29a, 13:29
Aste honetan zabaldu ditu ateak Geltoki kaleko Jalgi Kafe antzokiak.

Bi hilabete pasatxoren ostean, Jalgi Kafe Antzokiak astelehen honetan igo du pertsiana berriro: lokal barruan zenbait mahai egokitu ditu bezeroentzat, eta terrazan ere bai, segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatuz.

Lehenengo egunetik, lepo egon da terraza. Tabernariak joaten dira bezeroengana, eta beraiek zerbitzatzen diete eskatutako guztia. Mahai bat libratzen denean, beste pertsonaren bat eseri aurretik, desinfektatu egiten dute. Bezeroek uneoro dakite zeintzuk mahai dauden desinfektatuta eta zeintzuk ez, grafikoki erakusten duen orri bat prestatu baitute Jalgikoek: kolore berdekoa bada, eser zaitezke mahaian; gorria bada, tabernariak garbitu arte itxaron behar duzu.

Posible da lokal barruan kontsumitzea, baina horretarako prestatutako mahaietan soilik, eta barrara joan gabe eskatzera. Kafe bat edo garagardo bat hartu edo pintxoren bat jan bitartean gainera, Zorione Mendez Marrak artistaren lanak ikus ditzakete bezeroek. Covid-19aren osasun krisia lehertu aurretik ireki zuen erakusketa artista oriotarrak.