Gauez eta marraz marra sortutako lanen erakusketa

Maddi Zaldua 2020ko ots. 21a, 10:05

Zorione Mendez sortzailearen erakusketa izango da ikusgai datorren astelehenetik aurrera Jalgi Kafe Antzokian. Dozena bat pieza jarriko ditu ikusgai zein salgai, eta martxoaren 1era arte izango da horiek ikusi edota erosteko aukera

Marrak izen artistikoarekin sinatzen ditu Zorione Mendez (Orio, 1988) sortzaileak bere lanak. Horrela osatzen baitutu bere lanak; marraz marra. Arte ederrak ikasi eta gero, urte batzuez beste hainbat eginkizunetan ibili ostean, duela pare bat urtetatik ari da, etenik gabe, marren bitartez sortzen. 

Gizakiak marrazten ditu gehienetan, baina ez edozein gizakia; androginoak, generorik gabekoak hain zuen. Horrekin batera, bere lanei begiratuta, ikusi daitezke lau begiko edota hiru belarriko gizakiak direla: "Betiko rolak hautsi nahi ditut, betikotasun horretatik aldendu".

Batzuetan erretratu edo irudiak hartzen ditu eredu, eta horietatik abiatuta sortzen ditu bereak, baina ez beti; beste hainbatetan, berriz, berak asmatzen baititu ilustrazioak. Sortzen dituen lanak surrealismoaren eragina dutela azaldu duen arren, ez du bere burua estilo zehatz baten baitan kokatzen; baditu ordea, bere lanak surrealismoaren baitan garatutako zenbait sortzaile eredutzat: Louise Bourgeois eskultore frantsesa eta Hans Bellmer Poloniako autore eta argazkilaria, esaterako. Begiak marraztuz hasten ditu bere lanak, gorputz atal hori baitu gustukoen: "Norbere arimaren isla dira". "Tristura, iluntasuna eta nostalgiaren adierazgarri" dira Mendezen ilustrazioetako begiak. Erabiltzen dituen koloreak ere badira horren erakusle. Zuria eta beltza baino gutxiago erabiltzen baititu gainerako koloreak: "Erosoago sentitzen naiz zuri-beltzean, kolore artean galdu egiten naiz". Lan prozesua "momentuaren araberakoa" dela azpimarratu du sortzaileak. "Batzuetan hasi eta buka egiten ditut ilustrazioak, besteetan ez naiz lehen emaitzarekin konformatzen".

Gaua da Mendezentzat lanak sortzeko eguneko unerik kuttunena. "Gustuko musika jarri eta isiltasunaz baliatuz sortzen ditut nire lanak". Paperarekin ez ezik, oihalekin ere egiten du lan. Kotoizko kamisetak eta poltsak ere egiten ditu; gustuko ilustrazioa aukeratu eta enkarguz sortzen ditu jantzi eta osagarri horiek. Orain, gainera, bi dimentsiotako lana erabat baztertu gabe, hiru dimentsiokoari eutsi dio Mendezek; oihalen bidez egindako eskulturagintzan murgildu da.

Proiektu ezberdinekin ari da kolaborazioan, tartean lasarteoriatar batekin ere bai; Izan Inurrirekin hain zuzen. Ilustrazio bat sortu du egitasmoarentzat, eta nezeserrak egingo dituzte horiekin.