COVID-19 gaitzaren ondorioz hildako pertsonak gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 27a, 13:53

Espainiako Gobernuak COVID-19 gaitzaren ondorioz hildako pertsonak oroitzeko gaur, eguerdian minutuko isilunea egiteko eskaera egin du; Lasarte-Orian, Okendo plazan bildu dira. Udaletxeko banderak haga erdian jarri dira. Aterpea Merkatari elkarteak ere oroipen ekimenekin bat egingo du

Neurri guztiak beteaz, Lasarte-Oriako udal gobernua eta alderdi politiko ezberdinetako kideak, langileak eta hainbat herritar Okendo plazan bildu dira COVID-19 gaitzaren ondorioz hildako pertsonen oroimenez. 

Nahiz eta minutuko isilunea izan Gobernuak eskatutakoa, Okendon bildutakoak bost bat minutu egon dira isilik, hildakoak gogoan. Txalo zaparrada batez amaitu dute elkarretaratzea.

Irudian ikusi daitekeen bezala, Udaletxeko balkoian bandera haga erdira jarri dira eta dolu ofizialak iraun bitartean, ez dira berriro guztiz altxako.

Aterpeak ere hildakoak eta senideak gogoan

Lasarte-Oriako Udalaz gain, Aterpea Lasarte-Oriako Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzuen elkarteak ere bere elkartasuna adierazi nahi die COVID-19ak hildako herritarren senide eta lagunei. Horretarako, ekainaren 6ra arte, elkarteko kideek euren establezimenduen sarreretan biktimen oroipenean dolu-xingolak izango dituzte.