Gaurtik aurrera, maiatzak 21, herritarrek maskarak erabili beharko dituzte derrigorrez, Espainiako Gobernuak atzo aldizkari ofizialean argitaratu zuen aginduan jasotzen denez. Arnasa hartzeko arazoak dituzten pertsonek eta maskaren erabileragatik osasun arazoak izan ditzaketenek ez dituzte ondoko irizpideak jarraitu beharko, baina gainontzeko guztiek bai, baldin eta sei urte baino gehiago badituzte: erabilera publikoko espazio itxietan jantzi beharko dituzte, eta aire zabalean daudenean ere bai, bi metroko segurtasun distantzia mantendu ezin badute. Maskarek higienikoak edo terapeutikoak izan beharko dutela zehaztu du gobernuak. 3 eta 5 urte bitarteko haurren kasuan, "gomendagarria" da erabilera, baina ez derrigorrezkoa.
Maskarak alarma egoerak iraun bitartean erabili beharko diram bai edo bai. Hasiera batean, Espainiako Gobernuak beste hilabete batez luzatzeko asmoa zeukan, baina, azkenean, beste bi astez luzatu du, ekainaren 7ra arte, baina estu, PSOEk, Ciudadanosek eta EAJk bozkatu baitute alde. Maskarek sudurra eta ahoa estali beharko dute, eta zenbait jarduera egiteko kendu ahalko dira: jateko eta edateko, kasurako.