Arkaitz errekako ezbeharra argitzeko "kanpo ikerketa independentea" eskatu du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 17a, 19:12

Gertatutakoa ikertzera joan zen URAko ikuskatzaileari lehen unean sartzea debekatu ziotela ezagutarazi du taldeak. Erabakia "legez kanpokoa" eta "arau hauste larria" dela diote.  

Joan den asteburuan Zubietako erraustegitik behera doan Arkaitz errekan ehunka animalia hilik agertu ziren. Aingirak, barboak eta ezkailuak hilik agertu zirela salatu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Uraren Euskal Agentzia (URA) gertatutakoa ikertzen ari da. Horren aurren Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ohar bat zabaldu zuen erraustegiak ubidera isuriak egitea ukatuz, GuraSOSek gezurtatu zuena.  

GuraSOSek gertakari horretan sakondu du beste ohar batean. Jakinarazi duenez, maiatzaren 9ko arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiko basozaina eta URAko ikertzaile bat errauste plantara joan ziren, bizilagun batek Larrialdietako telefonora egindako dei batean hildako arrainen berri eman ondoren. Zaindariak, ordea, ez zien lehen unean sartzen utzi. Hainbat dei eta itxaronaldi luze baten ondoren, baimena eman zien. Taldeak salatu duenez, oztopatzea “legez kanpokoa” da eta “arau hauste larria” da, 2.000 eta 200.000 euro arteko zigorra eta bi urtez azpiegitura ixtea ekar dezakeena. “Datozen egunetan isuriari buruzko datu teknikoak emango ditugu”. 

Hori horrela, uste dute GHKren azalpenek “zalantza salatzaileak handitu” baino ez dituela egin, enpresaren eta erakundeen aurka. Horregatik, Asensio diputatuak, bere kabuz edo Markel Olano diputatu nagusiak eskatuta, dimisioa eman beharko lukeela; eta lehenbailehen azalpenak emateko eskatu diote Olanori. 

Ikerketa independentea

Horrez gain, "kanpo ikerketa independentea" egiteko eskatu dute Asensioren “interes gatazka” eta errauste plantaren ingurumen eta kontratu “ilegaltasuna” aztertzeko, baita behin behineko itxiera ere. Probaldia abiarazi zutenetik azpiegiturak izandako bigarren ezbeharra dela gogorarazi du taldeak eta galdera bat egin: “Zenbat ezbehar gehiago gertatu behar dira aitortzeko aukeratutako kudeaketa pribatuko ereduak gure segurtasuna eta ingurumena bermatzen ez duela, eta jarduera arriskutsu eta kutsagarri bat dela egungo garaiekin batera ezina?” 

Ildo beretik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak ere bere irakurketa egin du. URAko kontrolekiko “itxaropen handirik” ez dutela dio mugimenduak, izan ere, “EAEko eta Gipuzkoako agintariek soka motzetik kontrolatutako erakundea” baita. Hala, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak administrazio kontseiluan daude. “Txistea dirudien arren, egia tristea baizik ez da: Jose Ignacio Asensio kontseilari den erakunde batek ikertuko du ea Jose Ignacio Asensio buru duen beste erakunde batek isurketa pozoitsurik egin duen ala ez. Horretan mamitzen dira zuen gobernantzak, kontrol demokratikoak, gardentasunak eta Larrialdi Klimatiko aldarrikapen hutsalak!”, gehitu dute.