GHK-k Zubietako erraustegi azpiko ubidean hilik agertutako animalien inguruan emandako azalpena gezurtatu du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 15:30
Aingirak erraustegirik behera datorren Arkaitz errekan hilik. Argazkia: GuraSOS

Larunbataz geroztik, Zubietako erraustegitik behera doan Arkaitz errekan ehunka animalia hilik agertu dira. GHK-k ohar baten bidez azaldu du erraustegiak ez duela isuririk egiten ubidera. Uraren Agentziak laginak hartu ditu eta gertatutakoa ikertzen ari da

Zubietako erraustegitik behera doan Arkaitz errekan aingirak, barboak eta ezkailuak hilik agertu direla salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, asteburuan. Gertatutakoa salatuko dutela jakinarazi dute. Uraren Agentzia ubidera bertaratu da, eta laginak hartu ditu gertatutakoa ikertzeko.

Gertaera horren aurrean, ohar bat zabaldu du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Horren bidez ukatu egin du erraustegiak Arkaitz errekan isuriak egiten dituenik. Gaineratu du, errauste plantaren azpiegitura ezberdinetan erabiltzen den urentzako "zirkuitu itxia" dagoela. Azaldu du baita ere, "euri urak soilik" isurtzen dituztela ubidera, eta hori "euri urak jasotzeko deposituak gainezka egiten duenean bakarrik".

GuraSOSek, ordea, gezurtatu egin du GHK-k emandako informazioa: "Gezurra da erraustegiak gai kutsakorrak dituen uren isuriak aurreikusten ez dituenik". Gaineratu dute bideetatik eta aparkalekuetatik doazen eta kutsadura garraiatu dezaketen euri urek  aurrez tratatuak izan behar dutela, Arkaitz errekara isuri aurretik. 

Horrekin batera, kanpoaldera isuririk egiten ez denik ere gezurtatu du GoraSOSek, hain zuzen ere, ingurumen baimenak Añarbeko araztegira bideratzea aurreikusia baitu. "Prozesuaren fase ezberdinetan sortutako efluenteak bere osotasunean berrerabiliko dira, ez da aurreikusten efluente horietatik isuririk egitea". 

Arkaitz errekan gertatzen ari dena Ura Agentziaren esku geratzeak "zoritxarrez bermerik ematen ez duela" nabarmendu du GuraSOSek: "Irizpide independenteekin zuzendutako egitura teknikoak beharko luketenak, zuzendaritza politiko baten administrazioaren parte dira". GHK-k egindako adierazpen bat gaineratu dio azalpenari GuraSOSek. Adierazpen horretan azaltzen du (GHK-k) Uraren Agentziak frogatuko duela isurien erantzukizuna ez dela erraustegiarena"aurretik horrelakoak gertatu direnean erraustegiak ez duela zerikusirik izan frogatu den bezala".  GuraSOSentzat "arraroa" da GHK-k egindako adierazpen hori, izan ere, Ura Agentziako tekniko Josu Pereak Euskadi Irratian berriko emandako elkarrizketa batean adierazi baitu azken 10 urteetan ez direla horrelako gertaerarik izan inguru horretan. 

Guzti horrekin batera, erraustegirako aurreikusiak dauden kontrolak ez direla aktibatu ohartarazi du GuraSOSek. Azpimarratu dute azpiegiturak urtebete daramala "probaldi fasean funtzionatzen, baimenak 5 hilabeteko epea aurreikusia duenean,, bahi eta zazpi hilabete eta erdiz luzatu dutenean". Datu bat ere gogorarazi du: "Apirilaren 18an amaitu ziren ingurumen baimena egokitzeko 48 hilabeteko epealdia, hortaz, baimena iraungita dago".