Asteartean, maiatzaren 12an, Michelin enpresak akordioa lortu du Michelin España y Portugal SAn bigarren lan erregulazio bat ezartzeko. Neurri horrek, Gasteizko lantegiko 3.500 langileri eta Lasarte-Oriako lantegiko 500 behargini eragingo diela jakinarazi du LAB sindikatuak. Espainiakoa lantegiak kontuan hartuta, guztira 7.500 langileri eragingo die lan erregulazio berriak. Koronabirusak lantegietako jardueretan eragindako galerei aurre hartzeko hartu du lan erregulazioa ezartzeko erabakia Michelinek. Izan ere, kamioientzat pneumatikoak egiteko jarduera % 30 jaitsi dela, eta autoentzako pneumatikoena %70 murriztu dela adierazi du.
CCOO eta UGT sindikatuek jakinarazi dute, aldi baterako lan erregulazioaren baldintzak, jai egunak, garrantzi bereziko egunak eta bestelakoak, negoziaketa mahaian egin diren lau bileretan erabaki direla. Jose Ignacio Leniz Michelingo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak EFE Agentziari egindako adierazpenean gaineratu du, "lanpostuak bermatzea" izan dela "lehentasuna", eta "hitzarmen kolektiboan zehaztutakoa errespetatzearekin batera, lanpostuak mantendu eta berrituko direla".
Lan erregulazio berriaren akordioarekin, langileen soldataren %80ra arteko diru laguntzak bermatuko dituela jakinarazi du Michelinek, beti ere Espainiako Lan Zerbitzu Publikotik jasotakoa ehuneko horretara iristen ez bada.
Errelebo kontratuan eta erretiro prozesuan dauden langileei ez die eragingo lan erregulazio berriak, ezta ere amatasun edo aitatasun baimenak dituzten beharginei, ezta edoskitzaroan edota eszedentzia boluntarioan daudenei ere.
LAB sindikatua lan erregulazioaren aurka
Aldi baterako lan erregulazio berri bat ezartzeko akordioaren "aurkako jarrera" agertu du LAB sindikatuak. Azaldu du soldataren osagarria %80koa izango dela, eta gabonetako eta irabazietako ezohiko
pagetan ere eragina izango duela.
Hortaz, "kezkatuta" agertu da sindikatua, aurreikusten baitute lantegietako sektorerik zaurgarrienek, "soldata apalenak dituztenek" jasan beharko dituztela, hein handi batean, lan erregulazioaren ondorioak. Gaineratu dute egoera horretan aurkitzen diren langileei enpresak ez diela osagarria igo nahi izan, sindikatuak eskatu badu ere. Michelinentzat azpikontratatutako enpresetan lanean ari direnak ere "kaltetuak" izango direla gogorarazi du LABek: "Enpresak ez die inolako bermerik eskaini".
Lan erregulazioaren akordioan, epe ertainera etorkizunari aurre egitea ahalbidetuko duen "enpleguaren inolako bermerik" ez dela jasotzen salatu du sindikatuak: "MEPSAk (Maquinaria Electrónica Esmerilado y Pulido S.A.) izkin egin dio enpleguarekiko edozein konpromiso esplizituri, eta honek ziurgabetasun egoeran kokatzen gaitu aldi baterako lan erregulazioa amaitzerakoan".
Salatu dute baita ere, Michelinek akordioa sinatu duten CCOO, CSI eta UGT sindikatuekin batera, aldi baterako lan erregulazioaren jarraipen batzordetik "kanpo" utzi dutela LAB, zentroz zentroko ezarpenean, sindikatu hori denean Lasarte-Oriako lantegian "ordezkaritza handiena" duena.