'HERRIKO TABERNEN AUZIA'

Xirimiri elkartearen bi kontu enbargatu ditu Auzitegi Nazionalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 30a, 15:21

Duela hemezortzi urte egindako blokeoa egikaritu du Auzitegi Nazionalak: Xirimiri elkartearen izenean zeuden bi kontu enbargatu ditu, 2002. urtean zeukaten diru-kopuruarekin. "Informazioa bildu ahala, bilatzen ari gara gure bazkideekin batzar informatibo bat egiteko modua", jakinarazi du Xirimiriko batzordeak. Dinamika bat martxan jarri dute, igande honetara arte, maiatzak 3, herritarren argazkiak biltzeko.

Baltasar Garzon epaileak ireki zuen 35/02 sumarioa 2002. urtean, Herriko tabernen auzia izenez ezagutzen dena. Xirimiri elkartea ixteko agindua eman zuen urte horretako maiatzean, eta kontuak blokeatzeko agindu. Gerora, Xirimirik ateak ireki zituen berriro, eta abokatuak helegitea jarri zion kontuak blokeatzeko erabakiari 2013-2014 ikasturtean, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen aintzat hartu. 

Orain egikaritu du Auzitegi Nazionalak blokeo hori, eta Xirimiriren izenean dauden bi kontu horiek enbargatu, duela hemezortzi urteko diru kopuruarekin. Elkarteko zuzendaritza batzordeak adierazi du bide desberdinak bilatzen ari dela bazkideekin bilera informatibo bat egiteko.

Argazkiak bidaltzeko deia

Xirimirik ondoko dinamika hau martxan jarriko du sareetan: eskatuko die herritarrei biltzeko elkarteari buruzko argazkiak, berriak eta zaharrak, kentzeko hautsa azken horiei eta e-mail bidez bidaltzeko, maiatzaren 3a baino lehen, helbide honetara: xirimirielkartea@gmail.com.  

"Urteotan asko eta asko gara elkartetik igaro garenak. Hainbat otordu, festa, hitzaldi eta jardunaldi antolatu ditugu. Izan ere, Xirimiri elkarte gastronomikoa baino askoz gehiago izan da guretzako. Bilgune kulturala, politikoa eta lagunartekoa izan da, eta hori guztia jasotzea gustatuko litzaiguke orain", nabarmendu du batzordeak. "Garai ilunotan, eman diezaiogun Xirimiriri merezi duen kolorea!".