Koronabirusak eragindako egoera aldatzen ez den bitartean, asteazkenetako azokak beste itxura bat izango du. Saltzaileek ez dituzte eskainiko euren produktuak Kale Nagusian, Brigitarren plazan eta Ola kalean, Loidibarren pilotalekuan baizik. Aldaketa horrek ez ditu herritarrak despistatu, eta goizeko bederatzietatik hasi dira saskiak eta karruak produktu freskoekin eta bestelakoekin betetzen.
Hesiak eta zintak erabili dituzte udaltzainek erosleak antolatzeko. Hamahiru postu egon dira gaurko azokan. Horietako bi, baserritarrenak, frontoiaren ondoan dagoen padel pistan jarri dituzte. Loidibarrenera hurbildu ahala, baserritarrengana joateko, hesietatik igarotzen hasi eta ezkerretara egin dute erosleek. Kanpoan, ohar bat irakur zitekeen: Gehienez bi pertsona postu bakoitzeko. Beste 11 postuak frontoian bertan jarri dituzte: gazta, hestebeteak, ukenduak, barazkiak eta frutak...oinarrizko elikagaiak erosi ahal izan dituzte herritarrek.
Udalaren oharra
Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du asteazkenetako azoka Loidibarrenen egiten jarraitzen den bitartean, herritarrek libre utzi beharko dituztela frontoiaren ondoan dauden aparkalekuak, postuak jartzen dituztenek bertan aparka ditzaten euren ibilgailuak, 07:00etatik 13:00era.