Orain arteko ordutegi berean egingo dute hemendik aurrera ere asteazkeneroko azoka: 09:00etatik 13:00etara. Lekua, ordea, ezohikoa izango da; merkatua "inguru kontrolaerraz" batean egiteko asmoz Loidibarren pilotalekura lekualdatuko baitute, "koronabirusaren pandemiak behar dituen segurtasun eta higiene neurriak mantentzeko".
Postuek gutxieneko segurtasun-tartea mantendu beharko dutela jakinarazi du udalak, eta azokara sartzen diren erosleen kopurua mugatu egingo dutela ere jakinarazi du, "agintariek gomendatutako segurtasun-distantzia mantendu ahal izateko".
Kale-merkatura joan asmo dutenentzat zenbait gomendio eman ditu udalak. Azokan dabiltzan gainerako herritarrekin gutxienez 1 metroko distantzia (ahal bada 2 metrokoa) mantentzea eskatu die udalak. Horrekin batera, eskularruak erabiltzeko deia egin du, eta ahal bada baita maskara ere. Erosleen eskura jarritako produktuak ez ukitzea ere eskatu die herritarrei, eta azkenik, udaltzainen jarraibideak uneoro errespetatzea.