Ekain amaierarako aurreikusi du Espainiako Gobernuak "normaltasun berria"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 29a, 11:37

Konfinamendua modu "mailakatuan" arintzen joango dela iragarri du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. Lau fasetan banatu dute trantsizio plana, eta bi astez behin erabakiko dute probintzia bakoitza hurrengo fasera pasatzen den edo ez. 

"Normaltasun berrira" heltzeko bide-orria jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, eta bi hilabeteko trantsizio plana ezagutarazi. Dena ondo bidean, trantsizio plana ekaina bukaerarako amaitzea aurreikusi du Espainiak; beranduenez, uztaila erdialdean. Halere, konfinamendua modu "mailakatuan" arinduko dutela jakinarazi dute, eta probintzia bakoitzak bere erritmora egingo duela "deseskalatze prozesua"; lekuan lekuko eta unean uneko egoera bakoitzaren arabera moldatuko dute hemendik aurrerako prozesua. Erabaki guztiak erkidegoetako gobernuekin "koordinatuta" hartuko dituela ere iragarri du. Bi asteko iraupena izango du fase bakoitzak, eta lau fase aurreikusi dituzte.

Astero aztertuko dute herrialde bakoitzaren egoera, eta horren arabera erabakiko dute hurrengo fasera igarotzea baimendu edo ez. Horretarako "irizpide objektibo" ezberdinak zehaztuko dituzte adierazleak ezarriko dituzte. Horren bidez aztertuko dute epidemiaren bilakaera, lekuko osasun zerbitzuaren egoera, laneko segurtasun neurriak eta herritarren mugikortasun datuak.

Prozesu horretako protagonistak herritarrak izango direla esan du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, eta "arduraz" jokatu beharko dutela gogorarazi die. Birusa "kontrolpean mantentzeko" mugikortasun neurriak betetzea "ezinbestekoa" dela azaldu du, eta jakinarazi trantsizio prozesua zehar ere, indarrean jarraituko duela alarma egoerak. "Normaltasun berrira" iritsi arte, herritarrak ezingo dira probintzia batetik bestera mugitu.

Trantsizio planaren lau faseak

0 fasea (apirilaren 27tik maiatzaren 10era arte) : 

  • Arintze neurriak: 14 urtez azpiko haurren irteerak (helduen zaintzapean), eta maiatzaren 2tik aurrera, gainerako herritarrak ere atera ahal izango dira paseatzera edota kirola (bakarka) egitera. 
  • Jatetxeek etxera eramateko zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte.
  • Kirolari profesionalek entrenamenduak egin ahal izango dituzte.

1. fasea (maiatzaren 11tik 24ra) :

  • Saltoki txikiak irekitzeko aukera izango dute segurtasun neurriekin, baina merkataritza gune handiek itxita jarraituko dute. 
  • Ordutegi bereziak zehaztuko dituzte, eta 65 urtetik gorako pertsonak lehenetsiko dira
  • Ostalaritzako terrazak baimenduko dituzte, horien okupazioa %30eko bada gehienez. 
  • Hotelak irekiko dituzte, baina gune amankomunak mugatuz.
  • Erlijio guneak irekiko dira, horien okupazioa %50ekoa bada gehienez. 
  • Nekazaritza eta arrantza baimenduko dira. 
  • Errendimendu altuko kirol guneak irekiko dira. 

2. fasea (maiatzaren 25etik ekainaren 7ra) :

  • Jatetxeetako jangelak irekiko dira. 
  • Kultur guneak irekiko dira, horien okupazioa %30eko bada gehienez. Gune itxietan 50 lagun baino gutxiago elkartu ahal izango dira. 
  • Hezkuntzari dagokionez, ikasturte berria irailean hasiko dela iragarri du Sanchezek, baina iraila baino lehen, hiru salbuespenetarako irekiko direla ikastetxeak: selektibitatea egiteko, errefortzu klaseak emateko eta sei urtetik beherako haurrak joan ahal izateko, horiek nork zaindu ez duten kasuetan.

3. fasea (ekainaren 8tik aurrera) :

  • Mugikortasun orokorra malgutuko da.
  • Saltokietan edukiaren %50a baimenduko da, baina 2 metroko segurtasun tartea mantendu beharko da. 

 

 

Erlazionatuak

Gaurko azoka, iruditan

Txintxarri Aldizkaria 2020 api 29 Gizartea