Geltoki kaleko bulegotik etxera. Ostadar SKTko atalak etxetik ari dira lanean eta horietako bat dugu, Joxe Pikabeak kudeatzen duen futbol saila. "Bulegoko ordenagailura erremoto bidez konektaturik" egiten dut lan.
Lehiaketarik ez egoteak Joxeren jarduna murriztu du, baina atala kudeatzeko zuzendaritza taldea maiz biltzen dela onartu du.
Nahiz eta entrenamendutik ez egon, kirolariak etxean ariketarik egiten ari diren galdetzean, talde bakoitzeko entrenatzaileak bere talde kudeatzen duela nabarmendu du. “Nik adibidez, infantil txikia entrenatzen dut, 12 eta 13 urteko gazteak, eta nire kasuan ez diegu ezer berezirik eskatu egiteko”.
Izan ere, Pikabearen hitzetan, “aspaldian konturatu ginen denboraldi hau ez dela berriro martxan jarriko, eta gehiago gaude datorren denboraldia nola eta noiz martxan jarri ahal izango dugun pentsatzen”.
Talde harremana mantentzeko ekintzarik antolatu ez dutela adierazi digu, hala ere, jokalariak WhatsApp taldeetan dabiltzan erronka ezberdinetan parte hartzen ari direla jakitun da.
Hurrengo denboraldian ere ondorioak
Denboraldia airean dago, Espainiako federazioak liga amaitutzat ematn eta igoerak zehazteko sistema bat proposatu du. Neurri horri jarraituz gero, Ostadarreko jubenil taldeak fase berri bat jokatu beharko luke. Izan ere, igoera faseko postuetan baitzegoen jardunen etena indarrean jartzean. Ostadarreko arduradunek ez dute uste partidarik izango denik eta Gipuzkoako federazioak denboraldian egindako lan guztia kontutan hartzea izango dute helburu. “Gipuzkoako federazioak, klub guztiei denboraldia nola bukatzeari buruzko gure iritzia ematea eskatu digu, baino ez dugu uzte partidurik jokatuko denik, beraz, denboraldia balio gabea ematen da edo egindako sailkapenak kontuan hartuta igoerak egingo direla uste dugu”.
Nahiz eta denboraldia amaitutzat eman, ez dira hurrengo denboraldia prestatzen hasi. Entrenatzaileekin hitz egin, maila bakoitzeko taldeen zerrendak egin…lana du aurretik Pikabeak.
Lan horri, ordea, hurrengo denboraldiari buruzko ezjakintasuna gehitzen zaio eta hori dela-eta, zailtasunak ikusten ditu hurrengo denboraldia bermez prestatu ahal izateko. “Ekaineko lehenengo astean, deialdia egin ohi dugu, norbait berria etorri nahi izan ezkero, bertan aurkezteko, baina, hau uste dut, aurten ezin egin ahal izango dugunik”.
Gainera, jardun normalik egongo ez dela ere uste du Pikabeak, “nik uste dut, denboraldi batean ez dugula normal entrenatzerik izango”. Izan ere, galdera asko airean baitaude, hala nola, kirol jarduna noiz eta zein baldintzetan hasiko den. “Ea noiz den posible 15-20 pertsonek elkarrekin entrenatzera. Gainera, besteak beste, orain arte erabiltzen ditugun uraren poteak ezin izango ditugu erabili eta dutxa ere bakoitzak bere etxean egin beharko duela iruditzen zait”. Horregatik, osasun neurri horiek entrenamenduetan izan ditzaketen eragina handia ikusirik, etenaldi egoera “nahi baino gehiago luzatuko dela" uste du Ostadar SKTko koordinatzaileak.
Kirol arloko buruhausteak alde batera utzita, herritarrei ere lasaitasun mezu bat bidali nahi die Ostadarreko futbol saileko arduradunak, “garrantzitsuena osasuna da eta bakuna atera bitartean kutsatzeko arriskua egongo da arriskua”. Horregatik, kutsadurak saihesteko behar diren neurriak hartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Era berean, herritarrei animoak helarazten dizkie, “animo denei, hau ere pasako da eta bizitza normalera bueltatuko gara”.