Zelaian ez dago jardunik, baina Texas Lasartearra taldeko sare sozial eta WhatsApp taldeak bor-bor daude. Haur gazte eta elkarteko lagunekin etxealdian harremana mantendu dute eta ekimen ugari antolatu dituzte. Izan ere, elkarteak jokalari guztiek lan fisikoa egitea ezinezkoa zela ikusita, haur eta gazteen morala mantentzeko lan egin du. “Oso zaila da egoera fisikoa mantentzea familiek bizi dituzten zenbait egoeratan. Familia ugarietan, esate baterako, zaila da ariketak egiteko gune bat egon ahal izatea. Horregatik, egoera honetan, forman egotea bigarren mailakoa dela erabaki dugu. Garrantzitsuena moralki ongi egotea da, eta haur, zein helduak egoera ahal den modu arinean igaro eta ongi pasatzen badugu hobeto”.
Horretarako, elkarteko talde teknikoa kirol lanak egitetik lan telematikoak egitera igaro dela azaldu digu lehendakariak. “Harremana mantentzeko ideia ugari ikusi dugu sarean eta sare sozialetan eta Whatsapp taldeetan eta gure webgunean eta sare sozialetan (Facebook, Instagram, Twitter…) banatzen ditugu”.
Gainera, ekimen telematiko batzuk antoltu dituzte, hala nola, FIFA 2020ko online txapelketak. “Nahi zuenak izena eman ahal zuen eta Champions eta Europa Leageko txapelketak egon dira. Partehartze handia izan zen eta gazteek herritarrei haien mezuak bidaltzeko ere balio izan zuen. Bideo bat ere egin genuen eta gure sare sozialetan igo”.
WhatsApp eta sare sozialetan modan dauden erronkak ere egin dituzte. “Komuneko paperaren erronkan, esate baterako, jokalariek, zuzendaritzako kideek, eta taldeko jokalari ohiek ere parte hartu dute horietan. Hori da futbolak duena, odolean daramagula”.
Denboraldiari jarraipena
Etenda geratu zen denboraldiari buruz galdetzean, aurtengoa galdutzat ematen du Texas Lasartearra elkarteak. Infantil mailako gazteak denboraldi ederra gauzatu dute eta txapeldun fasean jokatzen ari ziren. “Ez dugu ideiarik nola gauzatuko den denboraldi amaiera. Patzientzia izan behar dugu eta zuhurrak izan”.
Nahiz eta denboraldia amaitutzat eman “egoera honen irtenbidea zein den jakin arte” hurrengo denboraldiari begira lanean hasiko ez direla nabarmendu du.
Hala ere, Texas Lasartearra elkartearen ideia eta epe motzerako helburu bat ere aipatu ditu. “Ideia talde guztiak lanean jarraitzea da. Hurrengo denboraldian, gainera, kadete mailako taldearekin ere hasiko ginake lanean. Eta infantil mailan, 10 urteko nesken talde bat egiteko ideia genuen eta mantenduko dugu”.
Hori guztia ordea, larrialdi egoerak baldintzatu dezake. “Ez dugu presarik, lehenengo gauza bizi dugun egoera gainditzea da eta gero izango dugu denbora futbolean pentsatzeko”.
Aisia ekimenez gain, elkartsun lana ere egin du elkarteak egun hauetan eta Atsobakar zahar egoitzari babes materiala eman die. “Gure lehentasuna pertsonak izan dira. Ez du zentzurik futbolari buruz hitz egitea mundu osoan pertsonak hiltzen ari direnean eta guri eredu izatea dagokigu. Herriko taldea gara eta laguntzeko gaude, kirol arloan eta gizarte arloan”.
Texas Lasartearra elkarteko familia guztiaren izenean herritarrei mezu bat helarazi izan die lehendakariak. “Harro gaude zuetaz, egoera latz honetan elkartasunez betetako herria garela erakusten ari gara eta ezbehar guztiak direla ere, aurrera egingo dugu beti. Besarkada handia eta Gora Texas txapeldun”.