COVID-19ak izandako hedapenak sortutako osasun larrialdiaren aurrean, Texas Lasartearra kirol elkarteak laguntza eskaini dio Lasarte-Oriako Atsobakar zahar egoitzari eta anbulatorioko langileei.
Gutun bat igorri zuen kirol elkarteak Atsobakarrera, egoera honetan zein behar zituzten eta zertan lagundu zezaketen galdetuz, eta bertatik egindako eskakizunei erantzunez, babeserako materiala bildu dutela jakinarazi dute. Ebakuntza gelako 200 maskara, 20 litro gel hidroalkoliko eta aurpegia babesteko PVC xaflarekin egindako 20 bisera eraman ditu elkarteak zahar egoitzara.
Horrekin batera, aste honetan 40 mantala-iragaitz eta hiru termometro digital ere jasoko ditu Texas Lasartearrak, eta horiek ere Atsobakarrera eramango dituzte jaso bezain laster.
Odolean dagoen oxigeno kopurua neurtzen duen saturometroen bila ari direla azpimarratu dute, eta horiek aurkitzeko zailtasunak izaten ari badira ere, horretan jarraituko dutela azaldu dute.
Anbulatorioko langileak materialez hornituta dauden arren, FP3 motako maskarak eskatu zizkioten elkarteari, eta asteon 40 unitate eskuratuko dituztela jakinarazi dute.
Esfortzu ekonomikoa
PVC xaflarekin egindako biserak TAG lantegiak eman dizkien arren, gainerako materiala elkarteak bere aurrekontutik hartutako diruarekin eskuratu ditu. "Gure aurrekontua modu neurtuan erabili behar izaten dugu, baina bizitzen ari garen egoera honetan gure herritarrei laguntzeko erantzukizuna dugula uste dugu, eta datorren urtea hutsetik hasi behar badugu, hasiko dugu".