Ikasleek ikasturtea gainditzen duten erabakitzea ikastetxeen esku geratuko da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 23a, 12:45

Lasarte-Oriako ikastetxeak Aste Santutako oporrak amaitu eta lanean hasi ziren astelehenean. Espainiako Gobernuak ikasturteari amaiera emateko proposatutako neurrien jakitun, Eusko Jaurlaritzak aurreratutako plangintzaren zain zeuden. Cristina Iriarte sailburuak atzo argitu zuen EAEn ikasturte amaiera nola izango den

Martxoaren 13an itxi zituzten Lasarte-Oriako ikastetxeek ikasleenzako ateak eta oraindik ez dakite ikasturtea amaitu baino lehen haur eta gazteak berriro ikasgelara bueltatuko diren. Ikastetxeak, irakasleak, ikastetxeak eta gurasoak ikasgelak bide telematikoan ematera moldatu dira hilabete honetan programa betetzeko asmoz. Atzo Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailak ikasturte amaierarako jarraibideak eskaini zituen eta plangintza bidali die ikastetxeei.

Espainiako Gobernua aurreratu bezala, Cristina Uriartek ikasturte amaiera ekainean izango dela azaldu du, 2. Batxilergoko ikasleak izan ezik. Selektibitate azterketa dela-eta, hauek uztailera arte luzatuko baitute jarduna.

EAEn, ordea, ikasle guztiek ez dute ikasturtea gaindituko. Ikastetxe bakoitzak erabakiko du ikasleen ebaluazioa. Era honetara, «autonomia pedagogikoa» errespetatu nahi du Hezkuntza sailak. Ikastetxeen esku geratzen da nola egingo den ebaluaketa hori ere. Bi aukera daude: ikasturte osoa kontuan izatea, hau da, hiruhileko honetako ikasgaiak, lehen bien gehigarri izatea edo hiruhileko honetako ebaluazi espezifikoa egitea.

Irakasleek ikasle batek errepikatu behar duela erabakitzen badute, ikuskaritzak bere oniritzia eman beharko du. Horretarako, ikasleen txostenean ongi zehaztu beharko da COVID-19aren itxialdia baino lehenagoko ikaslearen jardunaren ondorioz hartutako erabakia dela.

Programa aldatu

Ikasturte amaiera honi aurre egiteko, ikastetxeek euren programaketan hainbat moldaketa egin beharko dituzte. Hala nola, ikasgai instrumentalak lehenetsi beharko dira moldaketa horretan alegia, hizkuntzak, matematika eta zientzia. Ikasgaien barruan ere gai zentralak identifikatu beharko dituzte.

Era honetara, gai batzuk landu gabe geratuko dira, edo azaletik emanda. Ikasmaila batetik besterako jauzia leuntzeko, maila batzuetako eta besteetako irakasleen artean «koordinazioa planifikatzea» eskatu die Eusko Jaurlaritzak eta «udako oporretarako eta irailerako errepaso eta errefortzu proposamenak diseinatzeko».

Zailtasun bereziak dituzten ikasleek lehentasuna izango dute hiruhileko honetan eta azken hilabete hauek egon daitezkeen desorekak arintzeko baliatu beharko dituzte ikastetxeek.

Ikasgelara itzulera

Ikasgelak irekiz gero ere, ikasleen itzuleran lehentasunak zehaztu dituzte. 4DBH eta Batxilergoko ikasleak izango lirateke lehenak ikastetxeetara bueltatzen eta Lanbide Heziketako ikasleei dagokionez, lehen mailakoak.

Lanbide heziketako bigarren kurtsoko ikasleak enpresetako praktikera bueltatu dira. Posible izango ez balitz, salbuespen modura, heziketa mistoa eskainiko litzaieke.

Hurrengo ikasturtea irailean hastea aurreikusten dutela ere adierazi dute.

 

Erlazionatuak