Isabel Zelaa Espainiar Gobernuko Hezkuntza sailburuak ikasle gehienek ikasturtea gaindituko dutela jakitera eman zuen atzo, erkidegoen hezkuntza buruekin bildu ostean. Ikasketetan aurrera egitea lehenesten du Gobernuak, baina salbuespenak egongo dira. DBH mailako edo 2. Batxilergoko eta Lanbide hezkuntzako ikasleen kasuan ikastetxe bakoitzeko klaustroak erabakiko du nork egiten duen aurrera.
Espainiako Gobernuko hezkuntza sailak ikasturtea ekainean amaitzeko proposamena egin du. Ikasgelak irekiz gero, ikasleek hirugarren ebaluazioan aurreko bietan landutako «oinarrizko konpetentziak» landuko eta birpasatuko dituztela adierazi zuen. Ikasgelak ireki ezean, ikasleek etxean lanean jarraitu beharko lukete eta irakasleek euren lana egiteko baliabideak bermatuko lituzkeela jakitera eman zuen.
Egoerara moldatzeko arazoak dituzte ikasleak identifikatu eta plangintza bereziak moldatuko dituzte eta aurten landu ez dituzten gaiak hurrengo ikasturtean garatze aldera, plangintza egokitzen hasiko da Espainiar Gobernua.
Errefortzu modura, ikasleek udan ekintza boluntarioak egitea aurreikusten dute. Oraindik zehazteko badituzte ere, mota askotakoak eta ekintza ludikoekin batera egiteko modukoak izango direla jakitera eman zuten.
Eusko Jaurlaritzaren eskumena
Zelaaren agerraldiaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek “irizpide eta jarraibide” bezala definitu ditu neurriak. EAEk hezkuntza eskuduntzak dituela gogoratu eta Eusko Jaurlaritza lurralde bakoitzean ikasturte amaiera nola izango den planifikatzen ari dela nabarmendu zuen. Plangintza horretan ikasleek izan beharreko oinarrizko ezagutzak, horien ebaluazioa eta ebaluatzea nola egingo den zehaztuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza eragileak kritiko agertu dira Espainiako Gobernuko Hezkuntza sailak hartutako neurriekin. Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza eskumenak izanik, askok erabakiak inposatzea eta emaitzak lehenestea egotzi diote Gobernuari.