'HERRIKO TABERNEN AUZIA'

"Lasaitasuna" eskatu du Xirimiri elkarteko batzordeak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 22a, 22:03

Salatu dute Espainiako auzitegiak bizitzen ari garen "larrialdi egoera" baliatu duela epaia exekutatzeko.  Datozen egunetan emango dute informazio gehiago

Iluntzean jakinarazi du Sortuk 35/02 sumarioko epaia gauzatzen hasi dela Auzitegi Nazionala; herriko taberna eta elkarte batzuen kontuak enbargatu ditu. Duela sei urte kaleratu zuten epaia, eta 103 herriko taberna eta elkarte konfiskatzeko agindu zuten, Lasarte-Oriako Xirimiri barne, "ETAren egitura diruz finantzatu" zutelakoan. 2015. urtean berretsi zuen sententzia hori Auzitegi Gorenak.

Xirimiriko batzordeak adierazi du Lasarte-Oriako elkartearen egoera "apur bat berezia" dela, duela hemezortzi urte, auzia hasi zenean "blokeatu" zizkietelako kontuak, eta orduz geroztik ez zelako elkarteari lotutako konturik geratu. Halere, egoera "larria" dela uste dute, eta argi azaldu dute: "larrialdi egoera baliatu dute hainbat urtez geldirik egon den auzia exekutatzeko". Gainerako herriko taberna eta elkarteekin batera,  Xirimiri elkartea ixteko "arriskua" egon daitekeenez, abokatuarekin lehen bilerak egiten hasi direla jakinarazi dute, egoerari "arretaz erreparatu eta lasaitasunez ekinbidea zehazteko". Azpimarratu dute egungo "egoera nahasia" baliatu nahi dutela elkarteko kideak "are gehiago nahasteko", horregatik, "burua hotz" mantentzeko eta  "norabide berean lan egiteko" deia egin dute. 

"Jasotako babesa" ere eskertu dute, eta "lasaitasuna" eskatu diete herritarrei. Datozen egunetan informazio gehiago zabalduko dutela ere jakinarazi dute: "Ziur gaude une latzenetan ere elkarrekin irtenbidea bilatuko dugula".