Etxetik ekingo diegu Euskararen X. Maratoiari eta Euskaraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 20a, 18:31

Euskararen IX. Maratoia 2016an ospatu genuen. Lau urte eta gero, badator X. edizioa.

Ekitaldiz beteta zetorren 2020a. Urte olinpikoa. Koronabirusa gure bizitzetan sartu den arte. Erabat aldatu ditu gure bizimodua eta egunerokoa, bertan behera geratu dira ekintza ugari eta dataz aldatu dituzte beste hainbat, baina horrek ez du esan nahi ezer egin ez daitekeenik. Gure hizkuntza ohiturei beste astinaldi bat emateko abagune ezin aproposagoa izan daiteke: Euskararen X. Maratoiari eta Euskaraldiari etxetik ekingo diegu, aste honetan bertan.

2020. urtea olinpikoa baino askoz gehiago izango da herritarrentzat: lau urte eta gero, Euskararen Maratoia ospatuko dugu berriro, urriaren 16tik 18ra –koronabirusak eragozten ez baldin badu–. X. edizioa izango da aurtengoa. Hilabete batzuk falta dira oraindik, baina lantaldea hasi da prestaketa lanetan. Lehenengo ekimenaren berri ostegun honetan izango duzue, apirilak 23, txintxarri.eus atari digitalean. Sorpresa mantenduko dugu ordura arte.

Maratoiaren ostean, beste astinaldi bat: Euskaraldiaren bigarren edizioa ospatuko dugu azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean. Motorrak berotze aldera, Etxealditik Euskaraldira ekimena prestatu dute antolatzaileek.

'Etxealditik Euskaraldira'

Bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbitea. Hori da, gaurtik aurrera, Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko den Etxealditik Euskaraldira ekimenak dakarren proposamen nagusia. Bi helburu ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.

 

Ariketaren faseak

Ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.

Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

Apirilaren 21etik 23ra hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”, gaineratu du Aldabaldetrekuk.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. “Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez”, nabarmendu du Aldabaldetrekuk.

Zazpi ideia horien azalpen-bideo edo proposamenak Euskal Herriko Euskaraldia batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek egingo dituzte.

Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da. “Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu”.

Herritarren parte-hartzearen bila

Etxealditik Euskaraldira ekimenak herritarrei dei egingo die “ariketa bere egitera eta parte aktiboa” izatera. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.

Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatuko ditu ekimenak. “Aukera honi helduz gero, bereziki garrantzitsua da @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatzea guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko”, azaldu du Aldabaldetrekuk.

Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.

Erlazionatuak

'Etxealditik Euskaraldira' ekimena: azalpenak

Txintxarri Aldizkaria 2020 api 20 Euskara

Euskaraldia (II)

Txintxarri Aldizkaria 2018 aza 24 Euskara