'Ile zurien matxinada'
"Adineko pertsonak garenok ulertzen dugu konfinatuta egon behar izatea, Covid-19ak eragin duen egoera dela eta. Zorrotz betetzen ari gara neurriak, biztanle guztien osasuna arriskuan ez jartze aldera beharrezkoa delako. Gure doluminak helarazi nahi dizkiegu gertuko pertsonak galdu dituzten familia guztiei, batez ere gurekin batera manifestatzen diren eta gehiago ikusiko ez ditugunen senideei. Osasun eta zerbitzu langileak egiten ari diren ahalegina eta lan eskerga nabarmendu nahi ditugu, bide batez. Eta esan nahi dugu gu sentitzen garela gizarteko gainontzeko kide guztiak bezala; eskatzen dugu ardura eta begirune berarekin tratatzea gu ere.
Adinekoen egoitzetako egoera da penagarriena. Argibideak eman beharko dituzte arduradunek, egindako akatsak konpondu, eta zigortu, beharrezkoa baldin bada. Adinekoen hilkortasun-tasa altua izateak ezin du populazioaren zati handi baten eskubideak urratzeko aitzakia izan. Giza eskubideen aurka ariko lirateke agintariak, neurri diskriminatorioak ezartzeko adina erabiltzen badute irizpidetzat.
'Deseskalada' iristen denean, agintariak baloratzen ari dira adineko pertsonei ez uztea libreki etxetik ateratzen. Uste dugu erabaki arbitrario bat izango litzatekeela hori. Gobernuaren aholkulariak ez badira ados jartzen, esan nahi du euren iritziek ez daukatela ebidentzia zientifikorik. Espero dugu agintariek ez jarraitzea Buenos Aires hiriko eredua: 70 urte baino gehiago dituzten pertsonek ezin dute kalera atera. Frantzian, berriz, 'ile zurien matxinada' dela eta, neurri hori bertan behera utzi behar izan dute. 65 urtetik gorakoei aplikatu nahi zieten.
Adin batetik gorakoa izatea ez da heriotza eragin dezakeen gaixotasun bat. Bizitzaren zikloaren parte da. Diferenteak dira adin kronologikoa eta biologikoa. ZIU unitateetan lan egiten duten medikuek badakite hori, eta hori kontuan hartuz lanean ari dira. Ezin ditugu onartu adinaren arabera ezartzen diren diskriminazio neurriak. Ez dira babes-neurriak, jarrera paternalista eta eskubide-urratzaileak dira. Pertsona batzuek erabakiko balute horiek ez betetzea, uste dutelako ez direla zilegi, ulertuko genuke.
Gomendioak egin daitezke, baina ez debekuak ezarri eta are gutxiago zigortu eta erreprimitu. Zentzuz jokatzea gure portaeraren oinarria da. Gure osasunak kezkatzen gaitu, eta gure ingurukoenak ere bai, baita gure eguneroko beharrizan guztiak artatzen dituztenak ere. Adineko pertsonok inork baino gehiago behar dugu ariketa fisikoa egitea: gure organismoak hori eskatzen digu, gure giharrak eta oreka mantentzeko, besteak beste. Itxialdiak eragiten du depresioa, antsietata eta estresa, lo egiteko arazoak areagotuz.
Hori guztia dela eta, eskatzen dugu adinaren araberako murrizketa edo debekurik ez ezartzea, konfinamendua lasaitzen hasten denean edo bukatzean. Nahi dugu gu tratatzea eskubide eta betebeharrak dituzten pertsona oro bezala. Espero dugu 'ile zurien matxinadarik' egin behar ez izatea".