Tximuatik Palmondora. 20 urte geroago, konfinamenduak irrati librearen buelta ekarri du Lasarte-Oriara. Apirilaren 4an martxan jarri zuen herritar talde batek Babes Sarearen baitan piztutako ideia: Salbuespen egoeran “elkar komunikatzeko eta sozializatzeko" espazio edo topagune bat eratzea.
Asmoa bazebilen hainbaten buruan eta itxialdiari aurre egiteko ideia bezala azaldu zenean, gogo hori partekatzen zuten zenbait lagun batu ziren proiektua burutzeko. Itxialdia, beraz, nolabaiteko bultzada izan da irratia martxan jartzeko.
Edonola, Palmondo Irratia autonomoa da, eta bertan dabiltzan kide guztiak ez dira Babes Sarearen parte. Are gehiago, komunikazio tresna gisa, herriaren proiektua izatea nahiko lukete eta askotariko herritarrek parte hartzea bertan.
Herritarrak komunikatzeko "baliabide librea"
Aurrekari duen Tximua Irratiaren omenez, Okendo plaza zaharraren sinboloa den palmondoa aukeratu dute izen eta ikur. Proiektu hura bezala, herrian sortua da eta herri mugimenduei ahotsa emateko asmoa du. «Uste dugu beharrezkoa dela herriko norbanakoek, taldeek, eragileek... komunikatzeko espazio edo baliabide libreak edukitzea, herritik herrira zuzenean komunikatu ahal izateko». Horregatik, edonork parte har dezake, adin mugarik gabe, audioak edo mezu idatziak bidalita palmondoirratia@riseup.net helbidera.
Astean bi saio egiten dituzte. Bat, asteazkenetan, 20:30ean; bestea, larunbatetan, 12:00etan. Astegunekoa “politikoagoa edo formalagoa” da. Edukien artean, besteak beste, kultur gomendioak, Lasarte-Oriako herri mugimenduaren historia, herriko presoen egoera edota herriko eragileei nahiz pertsonei elkarrizketa. Asteburukoa, berriz, informalagoa da. Entzungaien artean, esaterako, erronkak eta herritarren mezuak daude.
Hori guztia antolatzeko Meet jitsi aplikazioaren bidez bideoasanbladak egiten dituzte eta irratsaioa osatzen dute e-postaz nahiz beste bideetatik jasotako ekarpenekin. Atalak banatu eta eskaleta –saioaren gidoi modukoa– partekatu bat egiten dute sarean. Zuzeneko emisiorako, aldiz, batek streaminga –datu korronte bidezko emisioa– egiten du eta gainerakoen ahotsak sartzen doaz aipatutako aplikazioaren edo antzeko baten bidez hitz eginda. Streamingerako zerbitzariak Maritxusareak utzi dizkie.
Urrutitik eta prekarioan
Oztopoei ahal bezala aurre egiten diete. Batetik, ez dira profesionalak, beraz, norbera bere kabuz ikasten ari da gauzak egiten “bai alde teknikotik, bai irratiko esatari izateko saiakeran”; eta bestetik, bakoitzak bere etxetik, bertan dauzkan baliabideekin, parte hartzen du. Urrutitik egiteak koordinazio handiagoa eskatzen die, zailtasuna gehitzen baititu –konexio arazoak, kasu–, eta elkarri laguntza zuzenik ezin baitiote eman. “Era nahiko prekarioan ari garela, alegia. Baina gustura, eta nahiko ongi entzuten da, ezta?”.
Nahiz eta itxialdiak alde txar horiek izan, uste dute egoera hau denok bizitzeak “jendearekin konektatzeko erraztasuna-edo” ere ekarri diela. Jasotako erantzuna "ezin hobea" izan da, aurreikuspenak gainditu ditu. “Ez genuen espero hain harrera ona izatea eta hainbeste jendek entzungo gintuenik. Pentsa, lehenengo saioan 89 entzule izatera iritsi ginen!”.
Ez dakite konfinamendua amaitzean aurrera jarraituko duten irratiarekin. Datozen asteetan nola eboluzionatzen duen eta zein erantzun duen ikusi, eta egoera amaitzean herri bezala dauden "gogo eta beharren arabera" erabakiko dute.
Saioak stream.maritxusarea.eus:8000/palmondoirratia loturan entzun daitezke. Horrez gain, Telegram kanal bat ere badute, t.me/LasarteSaretzen. Bertan albiste, informazio, iritzi-artikulu, etab. desberdinak jarriko dituzte kanalera batzen diren herritarren eskura.