Euskararen 9.Maratoiak gogoratzeko momentu asko utzi ditu. 40 orduak oso intentsoak izan ziren baina zer esan Agus Mugikaren palmondoari buruzkoa? Okendon zegoen palmondo hura ekarri zuen lasarteoriatarren burura.
Nostalgiko jarri ziren asko gogoratzen palmondo hori lagun kuadrillen geralekua zela, edota lehenengo muxuen lekuko, baita plazan jolasten zeuden umeen ‘ezkutaleku’... Zer gehiago esan daiteke palmondo horren inguruan? 55 urte inguru egin zituen plazan.
Aipatu behar da Okendo plazako lanak egin zirenean, palmondoa Lasarte-Usurbil institutuaren aurreko aldera eraman zela eta han dago 2002ko azarotik.
Baina nondik dator palmondo honen istorioa?
Mercero familia
1950 hamarkadako lehen urteetan, Fabian Mercero bizi zen Arrieta Etxean Maria Iradi emaztea eta seme-alabekin, hain zuzen, Eustasia Arrietaren familia etxean. Gerora Ostatu Berri tabernako etxea esaten zitzaion horretan. Bertan palmondotxo bat zuen Fabianek loreontzi batean landatuta. Denborarekin, honen tamaina zela eta, lekuz aldatzera behartuta ikusi zen.
Familiak jaso zuenez, egun batean, “Fabianek emaztea eta seme-alabak elkartu eta ospakizun berezi bat antolatu zuen palmondotxoaren kontura. Loreontzi estutik atera eta lorategiaren erdian landatu zuten. Sustraiak lasai-lasai zabaldu ziren lur-azpian eta palmondotxoa palmondo bihurtu zen”.
Lorategi hura, Okendo plazako parte bilakatu zen denborarekin eta hantxe izan zen palmondoa zutik 2002ra bitartean herritarren bizitzari begira.
Ezin irudikatu orduan, nolabait, herriko ikur bilakatuko zela zuhaixka hura. Baina nahigabe, Okendo plaza eta palmondoa lotuta geratu ziren herritarren oroitzapenetan.
Horrela izanda, Agus Mugikak Euskararen 9. Maratoian Okendoko palmondoa gogora ekarri zuenean, herritarren erantzuna izugarria izan zen. Berarekin batera ahots asko entzun ziren ‘palmondoa Okendora’ oihukatzen.
Sinadura bilketa ere egin zuten plazan plastikozko palmondoa besotan hartuta. Esan daiteke palmondoa bilakatu zela jaiaren sinboloetako bat.
Maratoiari lotuta, palmondoa Askatasun parkeko zelaietara mugitzeko eskaera bideragarri ikusi duena ere izan da. Baina momentuz Lasarte-Usurbil Institutu aurrean jarraitzen du.