'Maialen Chourraut. Beldurretan Arraunean' dokumentala estreinatuko dute gaur EiTBn

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 3a, 10:30
Maialen Chourraut 2019ko Munduko Txapelketako finalean. Arg.: rfep.es.

Gaur, 22:30etik aurrera, 'Maialen Chourraut. Beldurretan Arraunean' dokumentalaz gozatu ahalko da ETB1n. Eitb.eus orrialdean ere ikusteko aukera izango da

Olinpiar Jokoetan lehiatzea kirolari guztien ametsa da. Bidea, ordea, ez da erraza eta urrezko domina eskuetan izan duzunean, maila mantendu nahiak kezkak, beldurrak eta barne hausnarketak sortzen ditu. Are gehiago hurrengo olinpiar jokoetako sailkapena jokan duzula ikusteak. Maialen Chourraut. Beldurretan Arraunean dokumentalak azken bi urteetan goi mailako kirolariek eta zehazki, Maialen Chourrautek bizi eta sentitu duena ezagutzeko aukera ematen du.

“Dokumentalean ikusiko duzuen Maialen hori ni naiz. Uste dut oso ondo islatuta dagoela. Kanpotik ez dakit ze Maialen Chourraut ezagutuko den baina hau da barruko, eguneroko Maialen Chourraut” adierazi du txapeldun olinpikoak.

Iñigo Asensiok zuzendu duen lanean, Chourrauten entrenamenduak, lehiaketak, hausnarketak, kezkak, desirak... aurkezten ditu. Bere ingurukoen testigantzak ere bildu dituzte, hala nola, bere senar eta entrenatzaile Xabier Etxaniz edo bere ama. Londres 2012an zilarra eta Rio 2016an brontzea irabazi zituen Jessica Foxen hitzak ere entzun ahalko dira beste kirolarienen artean.

Dokumentaren aurrestreinaldia online egingo zen martxoaren 27an. Orduan, Basque Teameko kirolari, babesle eta erakundeek online ikusi ahal izan zuten. Gaur, ordea, ikusle guztiei irekitako saioa izango da, ETB 1ean, 22:30ean. Eitb.eus orrialdean ere eskainiko dute zuzenean. Estreinaldiaren ondoren, EiTB nahieran eskuragarri izango da.

Maialen Chourraut. Beldurretan Arraunean dokumentala Korima Filmsek Traolarekin eta EITBrekin ekoiztutako lana da.