Brasilgo Olinpiar Jokoetatik Tokioko Olinpiar jokoetara, lau urteko bidea egin behar izan dute kirolariek. Azken urtea gogorrena izan ohi da plaza olinpikoa baitago jokoan eta Maialen Chourraut. Beldurretan Arraunean dokumentalak tarte hori aurkezten digu.
Brasilgo Olinpiar jokoetan urrezko domina eskuratu zuenetik, Maialen Chourrautek Tokioko plaza olinpikoa lortzea zuen buruan eta ez da bide erraza izan. Arazo fisikoei aurre egin behar izan die, baita barneko beldurrei ere. Iñigo Asensiok zuzendu duen lanean, entrenamenduak, lehiaketak, hausnarketak, kezkak, desirak... 2019ko urtarriletik irailera Maialen Chourraut piraguistak bizitako esperientziak ezagutzeko aukera ematen du lehen pertsonan.
“Dokumentalean ikusiko duzuen Maialen hori ni naiz. Uste dut oso ondo islatuta dagoela. Kanpotik ez dakit ze Maialen Chourraut ezagutuko den baina hau da barruko, eguneroko Maialen Chourraut” adierazi du txapeldun olinpikoak.
Korima Filmsek Traolarekin eta EITBrekin ekoiztutako dokumentaren aurrestreinaldia online egingo da gaur. Ekitaldia Donostiako Aquariumean zen egitekoa, baina bertan behera utzi da, COVID 19 koronabirusaren hedapena dela-eta. Basque Team Fundazioak ere babestutako lana denez, fundazioko kirolariek, babesleek eta erakundeetako kideek bakarrik gozatuko dute Maialen Chourraut. Beldurretan Arraunean dokumentalaren aurrestreinaldiaz.
Tokio 2021
Tokiorako bidea, ordea, urte bete luzatuko da, mundu mailan hedatzen ari den koronabirusa dela-eta. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak abuztuan Japoniako hiriburuan egin behar ziren jokoak 2021 urtean egingo zirela jakitera eman zuen eta dena airean dago Maialen Chourrautek asteazkenean Basqueteam taldeari eskainitako hitzetan azaldu bezala. "Galdera asko airean daude eta zerotik hastea bezala izango da".
Olinpiar jokoen data kirolarien egutegian markatutako data da eta horri begira lan egiten dutela azpimarratu du Chourrautek. "Guztia horretara zuzendua zegoen, Olinpiar Jokoetako plaza lortzeari eta izena abizena jartzeari eta behin hori lortuta, lehiaketa hori ahalik eta hoberen prestatzeari. Orain hori guztia ezabatzen da eta federazioek plaza horiei buruz zer esaten duten ikusiko dugu. Ea izena abizenak mantentzen diren, ez sekekzio probak egin beharko ditugun, ea naziorteko federazioak olinpiar kuotak berriro banatzen dituen... Gauza asko airean dago".
Horregatik, egoerara moldatu beharko da Brasilgo txapeldun olinpikoa. "Burua reseteatu eta entrenamenduak, denboraldi berria... planteamentu behar dugu. Baina gauza asko dantzan edo airean daude eta denak estruktura pixka bat hartzera itxaron behar dugu dena planifikatzeko. Denborak emango dizkigu erantzunak".
Urte bat gehiago izango dute kirolariek data garrantzitsua prestatzeko eta larrialdi egoera honi alde positiboa aurkitzen dio Chourrautek. "Aukera bezala ikusi daiteke eta Olinpiar ziklo berriari aurre egiteko pilak kargatzeko unea izan daiteke".