Pertsona askok parte hartzen dugu aldizkaria egiteko prozesuan: kazetariak ─etxetik ari gara lanean martxoaren 18tik─, Zeroa Multimedia inprentako langileak, etxez etxe aritzen diren banatzaileak eta Correoseko langileak. 8.000 ale banatzen ditugu herri osoan zehar, eta ez bakarrik lasarteoriatarren buzoietan: eramaten ditugu komertzio eta dendetara, ikastetxeetara, erakunde publikoetara…itxi egin behar izan dituzte ateak gehienek, alerta egoera amaitu arte. Irakurle askoren begietatik ─eta eskuetatik─ pasatzen dira paperezko zenbakiak, beraz.
Horien guztien osasuna bermatze aldera, lantaldeak aho batez erabaki du paperezko zenbakirik ez argitaratzea Covid-19 birusak eragindako egoerak irauten duen bitartean. Horrek esan nahi du ostiral honetan ere, apirilak 3, ez dugula TXINTXARRI inprentara bidaliko, Espainiako Gobernuak beste hamabost egunez luzatu baitu alerta egoera ─apirilaren 11ra arte, larunbata─. Datozen bi asteetan ere ez dugu aurreikusi paperezko zenbakirik kaleratzea, baina ez koronabirusagatik, egutegi kontuengatik baizik. Aste Santuko oporraldiarekin bat egiten zutenez data horiek, aurtengo ikasturterako egindako aurreikuspenetan libre utzi genituen apirilaren 10a eta 17a. Beraz, ondo bidean, apirilaren 24an kaleratuko genuke hurrengo zenbakia, baldin eta prozesu hori guztia berme guztiekin gauzatzerik edukiko bagenu.
Paperean zenbakirik publikatuko ez badugu ere ─berriro diogu, itxialdiak iraun bitartean─, TXINTXARRI digitalak prestatzen eta maketatzen hasiko gara: apirilaren 8an, asteazkenarekin, Aste Santuko “oporraldiaren” aurretik, hamasei orrialdeko aldizkari bat igoko dugu webgunera, PDF formatuan, orain arte jorratu ditugun hainbat edukirekin.
Webgunea erreferente
TXINTXARRI euskarri fisikoan ez argitaratzeak ez du esan nahi langileok geldi gaudenik, inondik ere. Gure web orrialdea, www.txintxarri.eus, indartzera bideratzen ari gara gure ahalegin eta ilusio guztia egun zail eta ezohiko hauetan. Egunero elikatzen dugu albiste, erreportaje eta elkarrizketekin. Atal berezi bat sortu dugu koronabirusak eragindako egoerarekin zerikusia duten pieza informatiboak biltzeko: ‘Koronabirusa Lasarte-Orian’.
Era berean, ‘Lasarte-Oria TB’ kanala sortu dugu, herritarren itxialdia zertxobait arintze aldera, ikus-entzunezko piezak bilduz eta eskainiz: sukaldaritza errezetak, euskal dantzak, eskulanak, ipuinak eta bestelako edukiak. Horri lotuta, proposamen bat egin diegu gure irakurleei: konta diezagutela nola daramaten itxialdia, bideo edo testu bidez. Eta jarraitzen dugu buruari bueltak ematen eta ideiak biltzen, datozen egun eta asteetan are ekimen gehiago martxan jartzeko. Gustura jasoko ditugu zure ekarpenak ere, irakurle, txintxarri.kazetaria.1@ttakun.eus helbidean eta 688 68 35 10 telefonoan.
Zure iritziak interesatzen zaizkigu, irakurle: inkesta bat martxan jarri dugu egunotan, galdetuz ea noiz uste duzun bukatuko dela konfinamendua. Parte hartzeko, egin klik esteka honetan. Erantzun eta zabaldu, mesedez!
Lasarte-Oriako kaleetan eta zuen etxeetako buzoietan laster topo egingo dugulakoan, animo guztioi, eta zaindu zaitezte.
Lantaldea.