"Xumelakidz ez da talde itxia, egitasmo oso-oso irekia baizik"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mar. 29a, 18:00

Otsailaren 28an Xirimirin elkartu ziren hainbat gazte, giro ederrean. Argazkia: Xumelakidz.

“Ederra litzateke ‘Xumela junior’ bezalako talde bat sortzea”. Txantxa giroan botatako ideia hori errealitate bihurtu da: Xumelakidz jaio da. Moldatu dute izena pixka bat, baina ez asmo eta helburuak: euskal kanta tradizionalak eta garaikideak abestuz, giro ona sortzea herrian, eta, batez ere, gazteen artean. Intza Alkainek eta Jagoba Mendizabalek kontatu dizkiote TXINTXARRI aldizkariari egitasmoaren nondik-norakoak.

Elkarrizketak aurrez aurre egiten genituenekoak, kafe edo beste edari baten bueltan, Jalgin, adibidez. Horiek bai garaiak. Konfinamendua bukatu artean, beste bide batzuk erabili behar ditugu komunikatzeko, ezinbestean. Skype aplikazioaren bitartez jarri gara harremanetan Intza Alkain eta Jagoba Mendizabalekin, Xumelakidz egitasmoari buruz gehiago jakiteko ─eskerrik asko Intza, saio birtuala antolatzeagatik─. Erreportaje honen sarrera irakurri eta gero, gustura parte hartuko zenuketela pentsatu duzuenontzat, ohar bat: ez da beranduegi. “Xumelakidz ez da talde finko eta itxia, egitasmo oso-oso ireki bat baizik; euskal kantak abestu eta ongi pasa nahi duen edonork tokia dauka”.

Denbora batean behintzat ezingo dute nahiko luketen bezala abestu: kalean, elkarrekin, poteo giro ederrean edo festetan. Covid-19 birusak eragindako egoera tarteko, etxean konfinatuta egon behar beste hamabost egunez, gutxienez. Horrek ez ditu Xumelakidzen animoak itzali, ordea: kantu-jira birtual bat egin dute honezkero. Ez da azkena izango. “Beste saio bat prestatzen ari gara”, aurreratu du Alkainek. "Oso ondo pasa genuen, nahiz eta arazotxo batzuk eduki koordinatzeko-eta, Ibai Otaegiren trikitixa doinuak bi segundo beranduago entzuten genituelako. Pantaila beteta ikusi nuen nik, eta hori pozgarria da. Jende ugari animatu zen".

"Ezetz whatsapp talde bat sortu?"

Intza Alkain eta Jagoba Mendizabalek lan egiten dute Goiz Txoko-n, Ttakun Kultur Elkarteak Garaikoetxea-Landaberri ikastetxera joaten diren haurrentzat eskaintzen duen harrera zerbitzuan. Gaztetxoak iristen hasten direnean, musika jartzen dute begiraleek. Txikiek eskatzen dizkiete Go!azen saioko abestiak eta Ene Kantak-ekoak, batez ere. “Go!azen programan hainbat euskal abestiren bertsioak egiten dituzte, moldatuak: Mikel Laboaren Baga, biga, higa esate baterako”, zehaztu du Alkainek. Begiraleek kantatzen dituzte abesti horiek txikitan ikasi bezala, eta gaur egungo ikasleek ez dituzte ezagutzen, Go!azen-ekoak dauzkatelako erreferentetzat.

Orduan bururatu zitzaien ideia: “Ederra litzateke gazteok sortuko bagenu Xumela junior estiloko zerbait, kalean kantuan aritzeko giro ederrean”. Txantxa giroan planteatu zuten hasieran, baina gero erronkak botatzen zizkioten elkarri, galdera moduan: “Ezetz whatsapp talde bat sortu egitasmoaren berri emateko jendeari?”. Esan eta egin: zabaldu zuten ideia telefono bidez. Erantzuna ezin hobea izan zen: herritar asko batu ziren whatsapp talde horretara, baita Xumela koruko zenbait kide ere.

Jende ugari egitasmoan parte hartzeko prest zegoela ikusita, aurrez aurreko bilera bat antolatu zuten otsailaren 28an. Xirimirin elkartu ziren, afari eder baten bueltan: “22 pertsona azaldu ginen, nahiz eta badakigun jende gehiago prest dagoela antolatzen ditugun ekimenetan parte hartzeko”, aipatu du Mendizabalek. “Afaldu eta hainbat kanta abestu genituen, Xumelako kideek utzi zizkiguten liburuxkak erabilita”.

Harremanak sendotzen

Lasarte-Oriako belaunaldi gazteen arteko harremanak sendotzea. Hori da Xumelakidz egitasmoaren beste helburuetako bat, euskal kantak abestuz ongi pasatzeaz gain. Xirimirin egindako afari-bilerak balio izan zuen horretarako, Mendizabalek aipatu duenez: “Horrelako ekimenek bultzatzen dute pertsonen arteko harremanak indartzea; giro ederra sortu zen afarian”. Ez da azkena izango: “Horrelako saio gehiago egiteko gogoz geratu ginen; seinale oso ona da hori”, gehitu du Alkainek. “Atzoko [martxoak 28, larunbata] Gazte Egunean parte hartu behar genuen, eta hori prestatzeko beste bilera bat egin behar genuen Xirimirin, baina, tamalez, bertan behera utzi behar izan dugu. Konfinamendua amaitzean egingo ditugu saio gehiago; irrikaz gaude”.

Uda iritsi artean bazeuzkaten zita batzuk apuntatuta agendan. Gazte Eguneko saioaz gain, Sorgin Jaietan abestera gonbidatu zituzten antolatzaileek. Horrez gain, Joxe Mari Agirretxerekin bilera bat egin zuten, aztertzeko ea posible ote den Xumela eta Xumelakidz elkarrekin kantuan aritzea, edo bestelako ekimenen bat antolatzea. 

Abesti errepertorioa

“Nahi ditugu euskal kanta tradizionalak berreskuratu eta ikasi, horien transmisioa bermatzeko, baina baita gure garaikoak diren hainbat abestu ere”, nabarmendu du Alkainek. Hainbat kantarekin osatu dute errepertorio bat, nahiz eta oraindik ezin izan dituzten guztiak kantatu. Aurreko asteko kantu-jira birtualean, esate baterako, uztartu zituzten garai desberdinetako zenbait pieza: Imanolen Mendian gora haritza eta hainbat euskal artistak elkarlanean egindako Aurrera Altsasu!, esate baterako. Atzoko eta gaurko taldeen piezak biltzen ari dira: Sorotan Bele, Joxe Ripiau, Oskorri, Hemendik At!, Berri Txarrak, Izaro Andres…eta baita Doraemon marrazki bizidunetako abestia ere!

Abesti horiek guztiak -eta gehiago- kantatu nahi dituenak, taldean eta giro ezin hobean, Xumelakidzekin harremanetan jartzea besterik ez du egin behar: Instagram kontu bat zabaldu dute berriki. “Ez dugu adin-tarte maximorik zehaztu; gazte sentitzen edonork parte hartu dezake”, adierazi dute Alkainek eta Mendizabalek. Konfinamendua amaitu bitartean birtualki jardutea beste erremediorik ez dute, baina itxialdia ez da betirako izango. “Itxialdia amaitzean kalean ibiliko gara, poteoetan, festetan, elkarrekin kantatuz… Gogo handia daukagu hori dena egiteko”.

Erlazionatuak

Pantaila aurrean kantuan aritu da Xumelakidz

Txintxarri Aldizkaria 2020 mar 21 Kultura