Euskal gatazka ikuspegi feminista batetik aztertzen ari da Maider Galardi kazetaria; betaurreko moreak jantzita. Ari da ikusten eta ikertzen hainbat gauza, eta ondorio ugari atera ditu. Esate baterako, emakumeak biktima bezala ikusarazi dituztela, eta ez agente aktibo bezala, eragile bezala. "Euskal gatazkaren iruditeriak indartu egin ditu estereotipo horiek: gizonak beti egon behar du lehen lerroan, indartsua eta ausarta izan; emakumeak, aldiz, bigarren plano batean, zaintza lanak guztiz bere gain hartuz". Aldarrikatu du funtsezkoa dela ikuspuntu hori txertatzea memoria kolektiboaren eraketan. "Aintzat hartzen ez baditugu, kanpoan uzten ari gara errealitatearen zati handi bat". Euskal gatazkaren ertzetako biolentziak eta erresistentziak ikerketa lana ontzen ari da: master amaieran aurkeztu zuen, eta doktore tesia prestatzen ari da orain.
Proiektuaren nondik-norakoak azaldu dizkie Galardik Antonio Mercero aretora gerturatu diren gazteei: anekdota pertsonalak eta euskal gatazka lehen pertsonan bizi duten hainbat emakumeri –bederatzi pertsonarekin elkartu da– egindako elkarrizketen zatiak gehitu dizkio ikerlanaren aspektu teknikoei, kontakizun didaktiko eta dinamikoa eskainiz ikus-entzuleei.