'MARTXOA MARTXAN DA'

Lasarte-Oriako gazteria dantzan eta martxan jartzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mar. 11a, 10:16

"Martxoa martxan" jarri dute hainbat eragilek: egitarau zabala prestatu dute hilabete honetarako Lasarte-Oriako Ernaik, Sorgin Jaiek eta Elebeltz Topaguneak, elkarlanean. Martxoaren 28an, larunbata, Gazte Eguna egingo dute. Hori baino lehen, hitzaldi eta proiekzio sorta bat egingo dute. Lehenengoa, gaur: 'Euskal gatazkaren ertzetako biolentziak eta erresistentziak' solasaldia eskainiko du Maider Galardi kazetari eta doktoregaiak Antonio Mercero aretoan, 18:00etan.

"Indartsu dator udaberri honetan Lasarte-Oriako gazteria!". Horrela ekin zioten atzo arratsaldeko prentsaurrekoari Lasarte-Oriako Ernai, Sorgin Jaiak eta Elebeltz Topaguneko kideek. Hilabete luzez eta su txikitan eraikitako elkarlanak emandako fruituak iragarri dituzte; martxan jarri dute martxoa, hitzaldi eta proiekzio sorta batekin. Ikasturte hasieran hasi ziren identifikatzen "herriko behar eta gabeziak", erantzun bateratu bat emateko helburuz. "Ongi-etorri sutsu eta borrokalaria eman nahi diogu urtaro berriari".

Gaur arratsalderako programatu dute lehenengo ekitaldia: Euskal gatazkaren ertzetako biolentziak eta erresistentziak solasaldia eskainiko du Maider Galardi kazetari eta doktoregaiak Antonio Mercero hitzaldi aretoan, 18:00etan. Ostiral honetan, hilak 13, Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboak ondutako Zizelkariak dokumentala proiektatuko dute gune berean, 18:30ean. 

Datorren asteko asteazkenean, martxoak 18, Sobrevivir dokumentala eskainiko dute Mirentxun. Lasarte-Oria, Usurbil, Donostia eta Oñatiko lau ikaslek filmatu eta ekoiztu dute ikus-entzunezko pieza hori: Txileko gatazka eta eztanda sozialari buruzko lana da. Ane Irurtia da ikasle lasarteoriatarra. Martxoko azken aurreko asteko asteartean, hilak 24, Joko aretoak itxi hitzaldia egingo dute: Ernai eta Judimendiko Gazte Asanbladako kide Mikel Susoren eskutik.

Hilabete bukaeran, Gazte Eguna

Martxoaren 28an, larunbatarekin, arestian aipatutako ekimenei "amaiera ona" emateko, Gazte Eguna ospatuko dute herrian. Hiru eragileek adierazi dute aurrerago emango dituztela egitarauari buruzko xehetasunak, baina aurreratu dituzte zenbait ekintza: goizean Lasarte-Oriako preso politikoen inguruko solasaldi bat egingo dute. Ondoren, elektrotxarangaren laguntzaz kalejira egingo dute Elebeltz Topaguneraino. Bertan bazkalduko dute. Salgai daude txartelak, hamabi euroan, Ilargi eta Trumoi tabernetan.

Bukatu aurretik, martxoko martxara batzeko deia egin diete eragileek herritarrei: "Dantzatu dezala Lasarte-Oriako gazteriak!".