Lehenengo ardoak, Buenetxea tabernan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 10a, 10:44

Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak hainbat ardo dastatze antolatu ditu aste honetarako. Astelehen iluntzean egin dute lehenengoa, Buenetxea tabernan. Haroko Rioja Vega upategiko ardoak dastatu zituzten hogei bat herritarrek.

"Normalean asteburuetan egiten ditugu horrelako planak, baina asteko edozein egun da aproposa ardo on batzuk dastatzeko". Horrela ekin zion atzo arratsaldeko dastatze ekitaldiari Roberto Ortiz de Pinedok, Principe de Viana taldeko ordezkari komertzialak. Bera arduratu zen Buenetxea tabernara joan ziren herritarrak gidatu eta aholkatzeaz.

Arratsaldeko zazpiak pasatxo ekin zioten Rioja Vega upategiko ardoak dastatzeari, Buenetxeakoek prestatutako hainbat pintxoren laguntzaz: urdaiazpikoa, txorizoa, solomoa, patata tortilla eta gazta. Laguntzeko, kolore eta zapore askotako ardoak: txuria, gorria eta beltza, orden horretan. Haron (Errioxa) dago Rioja Vega; 1882. urtean hasi ziren mahatsekin egindako edari hori ontzen.

Ramon Bilbao upategiko ardoak eskainiko ditu gaur Eguzki tabernak, 19:00etatik aurrera. Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak antolatutako bigarren kata izango da. Asteazkenean, ardo txurien dastatzea egingo du Zubieta tabernak, eta, bukatzeko, ostegunean, Bodegas Riojanas upategiko ardoak ekarriko ditu herrira Viña del Mar tabernak. 

Erlazionatuak

Laugarren ardo dastaketa antolatu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2020 mar 04 Kultura