Laugarren urtez jarraian antolatu du Aterpea merkatarien elkarteak Ardo dastaketa, eta lau tabernak parte hartuko dute aurtengoan: Buenetxea, Eguzki eta Zubieta tabernek eta baita Viña del Mar kafetegiak ere. Horietatik lehena Buenetxea taberna izango da. Datorren astelehenean, martxoaren 9an izango da hitzordua eta Rioja Vega upeltegiko ardoa eskainiko dute.
Eguzki tabernan izango da bigarren ardo dastaketa saioa. Martxoaren 10ean egingo dute, eta Ramon Bilbao ardoa dastatuko dute. Horren ostean, ateak berriki ireki dituen Zubieta tabernaren txanda izango da. Martxoaren 11an izango da hirugarren saio hori, eta ardo zurien eskaintza egingo dute bertakoek. Laugarren eta azken dastaketa Viña del Mar kafetegian izango da; martxoaren 12an. Hauek Bodegas Riojanas upeltegiko ardoa eskainiko dute.
Edariekin batera, taberna bakoitzak berak prestatutako mokadutxoa ere eskainiko dutela iragarri dute antolatzaileek.
Saio guztiak ordutegi bera izango dute; 19:00etatik 21:00etara, eta izena ematea ezinbestekoa da, plazak mugatuak baitira. 7 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte txartelak; taberna parte hartzaile bakoitzak salgai ditu dagoeneko. Txartel bakoitzak saio bakarrerako balio du.
Aterpeako kideek eskerrak eman dizkiote Lasarte-Oriako Udalari herriko komertzioak laguntzeagatik. Bide batez, udalak ere baliatu du egitasmoaren aurkezpen ekitaldia Aterpeari herriaren alde egiten duen lana eskertzeko. "Horrelako ekintzak garrantzitsuak dira Lasarte-Oriarentzat" aaldu du Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburuak.