Olatu moreak hartu du egunotan Lasarte-Oria. Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, hainbat izan dira udalak zenbait elkarterekin batera antolatu dituen ekitaldiak. Martxoaren 8an izango da ekintza bat baino gehiago, baina aurretik eta gero ere jarduera ugaritan parte hartzeko aukera izan dute adin guztietako herritarrek; otsaila amaieratik martxoaren erdialdera hain zuzen.
Otsailaren 24an ezagutarazi zituzten aurtengo Martxoaren 8a iragartzeko kartel parte hartzaileak. Guztira sei lan aurkeztu dituzte. Denak dira ezberdinak, baina kolore bat antzeman daiteke guztietan: morea. Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan jarri dituzte ikusgai, eta gustukoena bozkatzeko aukera ere izan dute herritarrek. Asteazkenean, berriz, bozka horiek kontutan hartuta, aurtengo lan irabazlea aukeratu dute: Amaia Mazkiaranen lanak iragarriko du datorren urteko Martxoaren 8ko egitaraua. 120 euroko diru saria irabazi du. Bigarren saritua Ane Lopez izan da eta 90 euroko saria jaso du. Hirugarrena, berriz, Marta Rojo izan da, eta 60 euro eskuratu ditu.
Asteartean, etxeko txikienen txanda izan da. Sorgina Txirulina ipuin kontalariak Teresa printzesa morea-ren istorioa kontatu die 3 eta 8 urte bitarteko haurrei. Manuel Lekuona kultura etxeko liburutegian bildu dira.
Gaur arratsaldean, 12 eta 15 urte bitarteko gazteek Berdintasunerako prest? ginkanan parte hartzeko aukera izango dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da hitzorduan, Gaztelekuan.
Horren ostean, 19:30ean, helduentzako antzezlana ikusteko aukera izango da kultur etxean. Makelur taldeak Pase lo que pase... llegamos antzerki obra oholtzaratuko du Manuel Lekuonako areto nagusian. 3 euroko sarrera erosi beharko dute bertaratu nahi dutenek.
Eta eguna amaitu aurretik, 21:30ean, afari herrikoia eta dantzaldia izango dute herritarrek. Ekintza horretan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Larunbat goizean, kirola apur bat eginez hasiko dute eguna, 10:30etik 13:00etara bosgarren zunba maratoia egingo baita. Pertsona, familia, elkarte edota kuadrilla orori zuzenduta dago ekitaldi hori eta Okendo plazan egitea aurreikusi badute ere, eguraldi txarra egingo balu, Loidibarren pilotalekura lekualdatuko dute.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, aldarrikapena izango da nagusi. Eguerdian, elkarretaratzea egingo dute Okendo plazan, eta hori amaituta 12:20an Zero Sette akordeoi taldeak Emakume zuzendarien lanak kontzertua eskainiko du. Mercero guneko erakusketa aretoan izango da emanaldia.
Datorren astean ere izango dira ekintza bat baino gehiago. Asteazkenean ikastetxeetako haurrak Meri, Mari era Lari antzerkia ikustera joango dira kultur etxera, eta arratsaldean (18:00etan) Biyak Bat zahar egoitzan berdintasun gaiak landuko dituzte solasaldi baten bidez.
Hilaren 14an Zinegoak laburmetraiaren emanaldia egingo dute kultur etxean 19:00etan, eta 15ean, berriz, Las Cholitas ikus-entzunezkoa emango dute 19:30ean. Bi horietara joateko sarrerek 5,50 euroko kostua dute.
Oriarte institutuko gazteek ere ekintza bat baino gehiago egingo dituzte. Astelehenean, 10:45ean Irradaka emakumeen dantza dantzatuko dute, abesten duten bitartean. Bestalde, ikastetxeko jolas-lekua margotuko dute.
Lasarte-Moriak ere prest dauka Martxoaren 8ko egitaraua
Larunbaterako aurreikusi dute lehen hitzordua, Mercero gunean. 19:00etan elkartu eta ordubete beranduago egingo duten ekintza prestatuko dute. Horretarako, baserritar jantziaren gona, kamiseta beltza eta begiak beltzez margotzeko materiala eramatea eskatu dute. Baserritar jantzia ez duenak jantzi beltzak eraman ditzake. Ordubete beranduago, 20:00etan Akelarrea egingo dute Okendo plazan.
Igandean, berriz, Donostiako mugimendu feministak deitutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. 18:00etan abiatuko da mobilizazioa. Horrela, hitzordu horretara joateko 17:15eko trena hartuko dutela jakinarazi dute.
Zapi moreak egiteko tailerra
Lasarte-Moriaren ekintzez gain, larunbatean Uistin kaleko Koöl estudioan zapi moreak egiteko tailerra antolatu dute Izan Inurri, Koöl estudioak eta Berexi ilustratzaileak. Goizeko 10:30ean hasiko da ekintza 13:00ak arte, eta horren ostean, emakumeen bermuteoarekin jarraituko dutela iragarri dute. Tailerrean parte hartzea baieztatu egin behar da: info@koolstudio.es helbidera.