PSErek bere egoitzan salatutako erasoaren harira, azalpen oharra kaleratu du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 28a

Lasarte-Oriako Sarek azalpen ohar bat kaleratu du, adieraziz atzo arratsaldean PSE-EEk salatu zuen erasoak ez daukala zerikusirik Ibon Fernandez Iradiren aurkako epaia dela-eta elkarteak egingo dituen mobilizazioekin, sozialistek atzo zabaldu bezala. Era berean, herritarrei deia egin diete gaurko manifestazioan parte hartzeko, arratsaldeko zortzietan, Okendon.

Honela dio Lasarte-Oriako Sarek argitaratutako azalpen oharrak:

"Gaur goizetik hainbat hedabidetan zabaldu den informazio okerra dela eta, argipena egin nahi dugu, jada Lasarte-Oriako PSE-EEko kideek euren sareen bitartez zuzendu duten arren:

  • Atzo Lasarte-Oriako PSE-EEk bere egoitzan salatutako erasoak ez du Sarek Ibon Fernandez Iradiren aurkako epaia dela-eta eginiko mobilizazio zein aldarriekin zerikusirik eta beraz, Sarek inolako zerikusirik ez daukala argitu nahi dugu.
  • Guk orain arte egin bezala, adostasunetan oinarritutako mobilizazioak deitzen dihardugu eta elkarren arteko zubiak eraikitzen, horregatik, elkarbizitzaren eta bakearen alde eta Ibonen askatasunaren alde dauden guztiei, gaurko elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatzen dizuegu".

Gaur egingo du aipatu mobilizazio hori Sarek, 20:00etan, Okendo plazan. Azken ostirala ekimenarekin bat egingo dute.