Ibon Fernandez Iradiren epaiaren biharamunean mobilizaziora deitu du Lasarte-Oriako Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 24a, 10:26
Makina bat aldiz salatu dute Ibon Fernandez Iradi eta larriki gaixo dauden gainontzeko euskal presoen egoera Lasarte-Orian.

Aste honetako ostegunean, hilak 27, jakingo du Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriatarrak bere zigorra etetea erabakiko duten ala ez. Egun horretan deliberatuko du Parisko Dei Auzitegiko epaileak. Hilabeteroko azken ostiralarekin bat eginez, mobilizaziora deitu du Lasarte-Oriako Sarek otsailaren 28an, ostiralarekin, 20:00etan, Okendo plazan.

Ibon Fernandez Iradi herritarrak hamasei urte daramatza espetxean; horietako asko, esklerosi anizkoitza izeneko eritasun larria pairatzen. 2013an diagnostikatu zioten, nahiz eta aurreneko sintomak lehenago sentitu. Gaixotasun hori eta kartzelan egotea bateragarriak ez direla sinetsita, epaitegietako bideari ekin zion. Lehenengo zigor etete eskaera ukatu eta gero, bigarrenari ekin zion, defentsa abokatu Maritxu Paulus eta senideekin batera. Aste honetako ostegunean jakingo du epailearen behin betiko erabakiaren berri, ostegunarekin.

Parisko Dei Auzitegiko epaileak deliberatuko du zigor etete eskaerari buruz. Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak azaroan ebatzi zuen herritarraren eritasuna eta espetxean jarraitzea ez zirela bateragarriak; ebazpen horren berri jakin bezain pronto helegitea jarri zuen prokuradoreak, eta horregatik atzeratu da behin betiko erabakia.

Sarek, mobilizazioa

Erabakia jakin eta hurrengo egunean, otsailak 28, mobilizazioa antolatu du Lasarte-Oriako Sarek, Okendo plazan, arratsaldeko zortzietan. Azken ostirala ekitaldiarekin bat egingo du oraingo honetan. 

Etxerat elkarteak otsailaren 13an Baionan eskainitako prentsaurrekoan ere aipatu zuen Fernandez Iradiren kasua. "Hamasei urte daramatza espetxean eta esklerosi anizkoitza dauka; ezin du modu apropos batean sendatu", nabarmendu du Etxerat-ek.