"Alferrikako egitura kutsakor eta garestiak" eraikitzeari uzteko eskatu die Ernaik agintariei

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 12:19

Ernai Gazte Antolakundeak eskualde mailako manifestazioa egin du ostegun arratsaldean Lasarte-Orian, Zubietako erraustegiaren aurka protesta egin eta Zaldibarko hondakindegian gertatutakoa argitzea eskatzeko. Ehunka pertsonak bat egin dute deialdiarekin. 

Buruntzaldea eskualdeko ehunka gazte manifestatu ziren Zubietako erraustegiaren aurka Lasarte-Orian atzo arratsaldean. Zaldibarko hondakindegiko afera –besteak beste, bi langilek lur azpian segitzen dute, otsailaren 6an bertan gertatutako luiziak harrapatuta– argitzeko ere eskatu zuten. Arratsaldeko zazpiak pasatxo abiatu da mobilizazioa Okendo plazatik. Kale Nagusirantz abiatu dira gero, Largoenea kaleko biribilgunetik sartu eta Zumaburura bidean. PSE-EEk eta EAJk "ardura zuzena" dutela iritzita, sozialisten herriko etxe ondotik pasatzean leihoetan Hiltzaileak lelodun pegatinak itsatsi eta zaborra bota dute sarrerara; jeltzaleen batzoki ondotik pasatzean, berriz, pare bat zabor poltsa piztu dituzte, eta afixa bat jarri. Zuen akordioek hiltzen gaituzte irakur zitekeen. Lasarte-Oriako PSE-EEk eta EAJk gaitzetsi egin dituzte "eraso" horiek.

Largoeneako biribilgunetik berriro pasa eta Kale Nagusirantz joan ziren manifestariak. Tajamarrera iristean, bat egin zuten ekintzaile batzuekin: bengalak piztuta, Zaldibarko afera argitzeko eskatu zuten, eta lur azpian jarraitzen duten bi langileei elkartasuna adierazi –Alberto Sololuze eta Joakin Beltran–. Pintore kalerantz jo zuten gero, Geltoki kaletik bueltatu, berriro Kale Nagusira sartu eta Okendorantz joateko.

Hondakinen kudeaketa, "negargarria"

Okendon egindako adierazpenetan, Ernaik salatu du "negargarria" izaten ari dela hondakinen kudeaketa Euskal Herrian: agintariak egin dituzte erantzule. "Zaldibarko aferak eta Zubietako erraustegiak hala erakusten dute". Gogoratu dute Zaldibarko hondakindegiko bi langilek lurpean jarraitzen dutela. Zubietako erraustegia "probaldi fasean" dagoela-eta, kritikatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako promesetatik "urrun" geratu dela azpiegitura hori. "Gure osasuna kaltetzen duten gasak isurtzen ditu, bizitzak arriskuan jarriz".

Agintariei galdegin diete "alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak" eraikitzeari uztea, eta leporatu "aurpegi garbiketa saiakera penagarri bat" egin izana. "Beharrezkoa da guztion bizitzak erdigunean jartzea, ez gutxi batzuen etekin ekonomikoa". Larreko Mahaia osatzen duten eragileek bihar deitu duten manifestazioarekin bat egin du gazte antolakundeak. Donostian izango da; 17:00etan abiatuko da Easo plazatik.

Mobilizazioa Donostian

Atzo arratsaldeko manifestazioa ez zen izan Ernaik antolatutako ekintza bakarra. 12:00etan Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egin zuten mobilizazioa, Donostian. Ustelen legea, errautsa eta kea. Erraustegia geldituz, herria defendatu! aldarrikatu zuten behin eta berriro.

Argazkia: NOAUA! aldizkaria

Erlazionatuak