PSE-EEk gaitzetsi du herriko etxea "erasotu" egin dutela ostegun arratsaldeko manifestazioan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 12:19

Lasarte-Oriako alderdi sozialistak salatu du ostegun arratsaldeko manifestazioan "erasotu" egin dutela herriko etxea: pegatina batzuk itsasi eta zaborra bota dute sarrerara. "Ibon Fernandez Iradiren aldeko manifestariak" erantzule izan direla esan dute ohar bidez, baina zuzendu gero, "beste arrazoi batzuengatik" izan dela adieraziz. Lasarte-Oriako EAJk elkartasuna adierazi die sozialistei.

Lasarte-Oriako PSE-EEko idazkari Iñaki Mugicak adierazi du "nekatuta" daudela sozialistak herriko etxean "erasoak" jasotzeaz. Manifestarien jarrera "antidemokratikoa" dela nabarmendu du. Ohar bidez, zehaztu du Ibon Fernandez Iradiren alde protestan ari zirela, baina zuzendu egin du hori gero, esanez "beste arrazoi batzuengatik" izan zela, zehaztasun gehiagorik eman gabe. Hiltzaileak lelodun pegatinak itsatsi eta zaborra bota dute sarreran manifestariek, sabaia kolpatu bitartean. Zubietako erraustegiaren aurka eta Zaldibarko hondakindegiaren afera argitzearen alde protesta egin dute; PSE-EE eta EAJ egin dituzte horien erantzule.

"Lasarte-Orian urratsak egin behar ditugu elkarbizitza normalizatzeko, eta gisa horretako erasoek ez dute laguntzen", azpimarratu du Mugicak. "Herriko alderdi politiko eta eragile guztiok egin behar dugu horren alde", gehitu du. "Espero dugu horrelakorik ez gertatzea berriro; PSE-EEk lanean jarraituko du euskal gizarte libre eta baketsu bat eraikitzeko".

EAJren elkartasuna

Lasarte-Oriako EAJk elkartasuna adierazi die herriko sozialistei. Bozeramaile Jon Antxordokiren aburuz, "indarraren erabilera iragana da" gizartean. "Ez da nahikoa esatea garai berriak direla, ohitura zaharrak atzean utzita erakutsi behar da hori". Jeltzaleek salatu dute euren batzokietan ere "antzeko erasoak" pairatzen ari direla. "Erasoa ez da herrigintza egitea; gogor gaitzesten ditugu jarrera horiek". Lasarte-Oriako udal talde politiko guztiei eskatu die herriko etxean gertatutakoa gaitzesteko.

Bizikidetzaren inguruan ere jardun da Antxordoki: "Gure herriak bilatzen duen bizikidetza demokratikoa indarkeriaren gaitzespen esplizituan eta aukera politikoen aniztasunarekiko errespetuan oinarritu behar da. Erradikal horiek jakin behar dute, jardun penagarri horiek gorabehera, sendotzen ari dela elkarbizitza Lasarte-Orian".