Goizeko aurkezpenaren ondoren, desfilerako indarrak hartuta, bazkal ondoren bingoa jokatu dute konpartsetako kideek Gazteklubeak antolatuta. Zenbakiak ateratzen joan dira eta saria gero eta gertuago zegoela ikusita, urduritasuna hazten joan da jokoan ari zirenen artean. Txartel irabazlea osatu eta baieztatuta, sariak banatu dituzte.
Azken prestaketak egin eta 17:00etan irten dira konpartsak Okendotik, dantzak eta umore ona zabaltzen joan dira Kale Nagusian barrena. Bi alboetatik herrikide ugari begira izan dituzte bide osoan. Udaletxe zaharreko leihotik begira zituzten epaileen iritzia erabakigarria zela jakitun-edo, luzexeago dantzatu dute leku horretan eta Intzak Parrandakoek, esaterako, haiek hatzarekin erakutsita amaitu dute koreografietako bat.
Bost taldeen atzetik herritar ugarik egin du Zumaburuko elizaraino joan-etorria. Ibilbidea osatu artean, lasarteoriatar askok taberna inguruan edo moztutako kalean egotea nahiago izan dute, beraik ere giroa piztuta. Bi ordu inguruz luzatu da, eta azken zatian, Emakumeen Zentro Zibikoko kideek musika gabe dantzatu behar izan dute, arazoa konpontzea lortu duten arte. Handik plazara heldu dira eta irabazlea ezagutarazi arte bertan itxaron dute.
Iluntzean, 20:00etarako gutxi falta zela, karpan ezagutarazi dute irabazlea. Arazo teknikoak tarteko, nahi baino gehiago luzatu da jakinarazpena eta txistu nahiz kexa batzuk entzun behar izan dituzte Aterpeako kideek. Sasoeta Sasoian izan da aurtengo garailea. Txintxarria mutikoetako bati jarri diote lepotik zintzilik eta Fatima bizilagunari eskaini diote saria. Talde argazkia eginda, txokolate beroa hartzera joan dira festarekin jarraitu aurretik.