Nork ez du inoiz beste garai batera bidaiatu nahi izan? Inauteriek horretarako aukera eman diete lasarteoriatarrei eta gogotsu parte hartu dute festan. Hala, denboraren makinan sartu, eta Okendo helmuga izan dute askotariko pertsonaiek gaur goizean.
Iraganak, orainak eta etorkizunak leku berean bat egin dute, kronologia argirik gabe. Elkarren ondoan mende askoren aldea zuten pertsonaiak baitziren. Historiaurreko gizaki eta dinosauroak, haiek bezala desagertuak diren kaseteak eta radio-kaseteak, ondoan, eta handik gertu, geroak ekar dezakeenaren iragarpena: estralurtarrek preso hartutako gizakiak, kasu.
Norbere azalean bidaiatu dutenak ere ez dira falta izan: Beste garai bateko amonez jantzitako andreak josi eta josi, sokari helduta ibili diren eskola ume helduak edo urte gutxi barru beraien errealitateari heltzeko prest dauden taka-takari helduta ibili direnak, jarrera urteak baino garrantzitsuagoa dela aldarrikatuta.
Herbert Georges Wells idazle ingelesak laugarren dimentsioan bidaiatzeko sortu zuen makina faltan, Doraemonek bere poltsiko magikotik atera du berea, eta dorayaki eta guzti, Nobita, Shizuka eta gainerako lagunekin etorri da bisitan. Ikusgai zeuden garraioen artean, 1980ko hamarkadan ezagun egin zen Back to the Future edo Regereso al futuro filmeko Delore autoa jasangarriago den Ecolorean bilakatu dute beste herrikide batzuek. Diesela izango zen, akaso. Gaiari bueta bat eman diotenak ere izan dira. Eguraldi iragarpenen mapa bat eta bertan jarri beharreko egurats ikurrak ematen dituen tragaperras modukoa bat datoz, gazteleraz pentsatuz gero.
Irudimenari gehiago edo gutxiago eraginda, mozorroak jantzi eta ondo pasatzeko gogoz irten dira kalera herritarrak. Asmo bera izan dute konpartsetako kideek. Eguerdian aurkeztu du bakoitzak arratsaldean erakutsiko duenaren lagin bat. Erik Arzalluz eta Mikel Bermejok gidatu dute festa hasiera. Agertokira igotzen lehena Zabaletako konpartsa izan da. Jantzi metalizatuak eta ile orde urdinak nagusi, erakustaldi jendetsua egin dute. Emakumearen Zentro Zibikoko emakumeek, berriz, bizpahiru mendez atzera egin dute gortesau mozorroak aukeratuta. Bals-a eta Chica ye-ye dantzatu dituzte gogotsu. Jarraian, Jalguneren txanda izan da. 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak ekarri dituzte gogora. Kirolariak, lastagia, arkularia, Cobi, Los Manolos, Montserrat Caballé... Protagonista ia denak han ziren. Are gehiago, urtea besterik partekatzen ez zuen Curro ere hortik zebilen (Oharra gazteenei: 1992an Sevillan egindako Erakusketa Unibertsaleko pertsonaia zen Curro). Lau bat dantza egin eta konfeti zaparradarekin amaitu dute saioa. Intzak parranda konpartsa etorkizunetik etorri da espaziontzioan. Heldu eta haur gogotsu aritu dira dantzan entsegatutako pausoak ahalik eta ondoen egiten. Amaitzeko, Sasoeta Sasoianeko kideek faraoien garako Egipto izan dute inspirazio iturri.
Plaza bete duten herritarren artean, lehen lerroan, Aterpeako epaileek adi-adi jarraitu dute agertokian gertatutako guztia. Arratsaldean erabaki beharko dute zein den konpartsa garailea. Aurretik, ordea, unean bertan, banakako mozorro lehiaketako irabazlea izendatu dute. Kosta egin zaie lehen partaideei igotzea, baina bidea ireki dutenen atzetik errazago animatu dira hurrengoak. Dozena batek parte hartu du eta Aterpeako saltokietan gastatzeko 100€-ak globo aerostatiko bat zuen taldea izan da. Esku hutsik joan bada ere, bigarrena sorbaldan loro berezia zuen pirata izan da.