Larunbateko egun handiaren bezperan, mozorroz betetzen hasi da herria. Protagonista izan dira, bederen, Ttakunek antolatutako Inahaldunak jaian. Txikienak, Mercero gunearen azpian kokatutako karpan elkartu dira. Banan bana agertokira igo eta alderik alde zeharkatu dute bertan zeudenek ondo ikusteko. Egia da, batzuei lotsak zapuztu diela bidea, eta behar baino lehenago eman dute buelta. Beste batzuek, berriz, ez dute presarik izan.
Denetariko pertsonaiak zeuden: Batman, Spiderman edota Hulk bezalako superheroiak, piratak, unikornioak, printzesak, minion... Azken unean aurpegia margotuta edo mozorrorik gabe ere igo dira "pasarelara" bigarren txandan. Ondoren, zozketa bidez bi saridunak aukeratu dituzte. Edonola, gainerakoak ez dira esku hutsik gelditu. Denentzako goxokiak zeuden, eta parte hartu edo ez, jaso dute beraien poltsa, aurrez bukatu ez badira.
Askari goxoa banatuta, Tim Burtonek zuzendutako Alizia lurralde miresgarrian filmeko kapelagile zoroa bezala jantzita zegoen DJak disko festa gidatu du. Kosta egin zaie haurrei dantza egitea, baina gutxika-gutxika lortu du oinak mugitzera animatzea.
Gaztelekuan antzera ibili dira gaztetxoak. Haiek ere antzeko dinamika jarraitu dute. Desfile hutsa beharrean, taldean dantza edo bestelako abilidadeak erakutsi dizkiete kideei. Photocalla izan da eta mozorro artean arratsalde atsegina igaro dute.