Inauteriak 2020

Inauteri festaz gozatu dute ikastetxeetako ikasleek

Maddi Zaldua 2020ko ots. 21a, 17:05

Arratsalde koloretsu bezain alaia pasa dute gazte lasarteoriatarrek. Mozorro dotoreak jantzita inauteri festarako prestatutako dantzen erakustaldi ederra egi diete senide eta lagunei

Azken asteetan lan eta lan aritu dira ikastetxeetako ikasleak inauteri festa prestatzeko. Ostiral arratsaldean irten dira ikastetxeetako patioetara, eta nabaritu dira azken egunetako prestaketa lanak. 

Sasoeta ikastetxeko ikasleek denboran zehar bidaiatu dute, eta mozorro ezberdinak jantzita agertu dira jendaurrera. Aztiak eta sorginak izan dira erakustaldiko lehen parte-hartzaileak. Edari magikoa prestatu eta suaren inguruan dantzatu dituzte pare bat doinu. Horien ostean agertu dira Trogloditak, eta horiek ere erakustaldi bikaina eginda eman diete paso beste ikaskideei. Egiptoko errege eta erreginek ere momia artean astindu dituzte gorputzak. Erromatar garaiko soldaduek ere ez dute hutsik egin, ezta indioek ere, eta talde bakoitzak dantzaldi alaia eskaini du. Amaitzeko, zientifikoak ere agertu dira. Ile eta bata zuriak jantzita animatu dira dantzara. 

Garaikoetxeako gaztetxoek Lantzeko inauteria hartu dute gaitzat. Koloretako alkandorak eta abarkak jantzi, eta adinaren arabera pertsonaia bat edo beste irudikatu dute. Zaharrenek eguzkia, ilargia eta Miel Otxin zituzten makilak taldetxoetan garraiatu dituzte suaren inguruan bueltak emanda. Txikienak, berriz, txantxoz jantzi dituzte. Guztien artean batetik bestera ibili da Ziripot, haur guztiak agurtu ditu eta eskua ere eman die.  Aldi berean, ipuinaren kontaketa, kanta eta dantzekin tartekatzen joan dira. Amaieran, sutan erre dute Miel Otxin gaiztoa, eta ikustera joan zaizkien senideekin dantza egin dute ikasleek.

Landaberri LHkoek ere bat egin dute denboraren makinarekin, eta garai ezberdinetara bidaiatu dute. Tolosako Inauteriak irudikatu dituzte lehenik, eta ikusi ahal izan dira baita ere Egiptoko erre-erreginak. 80. hamarkadako rockeroak ere agertu dira erakustaldian, baita gizakia sortu aurreko lurraren jabe izandako animalia ugari ere: zebrak eta lehoiak esaterako. Azkenik, etorkizuneko gizakiak agertu dira dantzara. Irakasleek 4.500. urtera egin dute bidaia. 

 

Erlazionatuak

Landaberri-Garaikoetxeako inauteri festa

Maitane Aldanondo 2020 ots 21 Kultura

Landaberri LHkoen bidaia zoroa

Txintxarri Aldizkaria 2020 ots 21 Kultura