Pianoa, zeharkako flauta, gitarra klasikoa...eta kolore guztietako jantziak. Instrumentuak eta mozorroak konbinatuta, kontzertu bufo dibertigarria eta kalitatezkoa eskaini dute Udal Musika Eskolako ikasleek. Lepo bete da Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioa: familiako kide bakar bat ere ez zuen galdu nahi musika ikasle gazteen emanaldia.
Iristear da Inauterien asteburua herrira: motorrak berotzeko ekintza aparta izan da kontzertu hori. Ikastetxeek gaur arratsaldean egingo dituzte ospakizunak, eta baita Ttakun Kultur Elkarteak ere: 2 eta 16 urte bitartekoentzat Inahaldunak festa antolatu du, Okendo plazan –2 eta 8 urte bitartekoentzat– eta Gaztelekuan –9 eta 16 urte artekoak joango dira–.