INAUTERIAK 2020

Denboran zehar bidaiatuko dute lasarteoriatarrek asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 20a, 19:32

Denboraren makina gaitzat hartuta, askotariko mozorroak jantzita irtengo dira lasarteoriatarrak kalera asteburuan. Ttakun Kultur Elkarteak ostiralerako antolatutako festa eta larunbatekoarekin izango dute aitzakia bat baino gehiago mozorro festaz gozatzeko

Euskal Inauteriak amaituta, iristear dira Inauteriak herrira. Ostiralean eta larunbatean, aukera bat baino gehiago izango dute adin guztietako herritarrek mozorroak jantzi eta kalera ateratzeko. Biharko Udal Musika Eskolako kontzertu bufoak irekiko du aurtengo Inauterietako egitaraua. Mozorroak jantzita eta instrumentuak eskuetan irtengo dira kultur etxeko oholtzara. Iluntzeko 19:00etan izan da hitzordua. 

Ostiralean, berriz, herriko gaztetxoak izango dira protagonistak. 15:30ean, Inauteri festa egingo dute ikastetxeetan lehenik, eta arratsaldean, Ttakun Kultur Elkarteak antolatuko ekitaldietan parte hartzeko aukera izango dute. 17:30ean ekingo diote mozorro lehiaketari, 20 minutuz. Ondoren, 17:50ean lehiaketako garaileen artean sari banaketa egingo dute, eta 18:00etan disko haur festa izango da Mercero plazako karpan. Gozokiak jateko eta argazkiak ateratzeko aukera ere izango dutela iragarri dute antolatzaileek, izan ere, Candybar-a eta photocalla jarriko baitituzte. 2 eta 8 urte arteko gaztetxoei zuzendutako ekintzak izango dira horiek, baina 9 eta 14 urte artekoentzat ere antolatu du kultur elkarteak ekintza bat baino gehiago. 18:00etan mozorro lehiaketa abiatuko dute, Inauteritako jantzi onenen artean sari banaketa ere egingo dute. Horren ostean, gazte kontzertua eta disko festa izango dira Photocallarekin eta meriendarekin batera. Gaztelekuan izango da adin tarte horri zuzendutako jaialdia.

Larunbatean, Inauteri festa 
Eguerdian lehertuko da Inauteria, Lasarte-Orian. 12:00etan, Mikel Bermejo eta Erik Arzallus arduratuko dira parte-hartzaileak girotzeaz. Ordu erdi beranduago, 12:30ean, konpartsa parte-hartzaileen aurkezpena egingo da, Okendo plazan. Eta hori amaituta, 13:15ean, bakarkako mozorro  lehiaketari ekingo diote. 

Arratsaldeko desfilerako indarrak hartzeko, bazkaria egingo dute konpartsek Okendo plazako karpan. Bakoitzak bere bazkaria eramatea ezinbestekoa da, eta Oaintxe in deu txarangak girotuko du bazkalordua. Superbingoa izango da gero, 16:00etan. 

17:00etan desfilean abiatuko dira konpartsa guztiak. Jalgune, Zabaletako lagunek, Zentro Zibikoa, Intzak Parrandan eta Sasoeta Saioian izango dira aurtengo parte-hartzaileak. Herriko kaleetan barrena ibiliko dira, eta Okendon amaituko dute, 20:00ak aldera. Jarraian, karrozen lehiaketa egingo dute, eta irabazlea aukeratuko dute. 

20:00etatik aurrera, txokolatea banatuko zaie konpartsetako parte-hartzaileei.
Festari jarraipena emateko, disko jaia izango da Okendon, goizaldeko 03:00ak arte, eta helduenek ere goizaldera arte gozatu ahalko dute jaiaz.