Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko ekintzak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ots. 14a, 12:35

Egitarau zabala antolatu du Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin Bat elkarteak, herrialde horri elkartasuna adierazteko: manifestazioa, bazkari sahararra eta argazki erakusketa. Udal korporazioak aho batez babestu du elkarteak udalbatzarrean aurkeztutako mozioa.

Otsailaren 27an, ostegunarekin, 44 urte beteko dira SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa osatu zenetik. Urtemuga berezi hori gogoratu eta Mendebaldeko Saharako herriari elkartasuna adierazte aldera, manifestaziora deitu du EHLMSB Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Sahararekin Bat elkarteak, egun horretarako. Okendo plazan elkartuko dira, arratsaldeko zazpietan.

Hori da elkarte horrek antolatutako ekintzetako bat, Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko. Baina ez bakarra: bazkari sahararra eta argazki erakusketa bat ere egingo ditu. Antonio Mercero gunean aurkeztu dute egitaraua, zenbait alderdi politikotako (PSE-EE eta EH Bildu) ordezkariekin batera. Elkarteko kide Tomax Arrutik eskerrak eman dizkie korporazioko alderdi guztiei, asteleheneko ohiko udalbatzarrera eraman zuten mozioa aho batez onartzeagatik. 

Saharar gastronomia Furia Beltzan

Otsailaren 29an, larunbatarekin, saharar gastronomiako hainbat plater dastatu ahalko dituzte herritarrek, Furia Beltza tabernan. Bertan jarri dituzte salgai tiketak; hamabost euro balio dute. Menua honakoa izango da: harira, kouskousa barazkiekin, arkumea saharar erara eta postrea –kafea eta edaria barne–. 

Martxoaren 2tik 8ra argazki erakusketa bat jarriko dute Jalgi Kafe Antzokian, Sahara emakume izenarekin izenekoa. Mundu Bat elkartearenak dira argazkiak.

'Oporrak bakean' egitasmoa

EHLMSB elkarteak aurkezpen prentsaurrekoa baliatu du dei bat egiteko herritarrei: galdegin die Oporrak bakean egitasmoan parte hartzea. Egitasmo hori sortu zuen Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak; aukera ematen die kanpaleku horietan bizi diren zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrei udako oporraldia pasatzera etortzeko. Hainbat elkarte, eragile, udal eta familiak parte hartzen dute programa horretan. 

Lasarte-Oriako Udalak adierazi du zortzi familia lasarteoriatar  behar dituela, haur horiek hartu eta uztaila eta abuztua elkarrekin pasatzeko. Interesa duten familiek gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan. 650 488 108 telefonora deitu dezakete, edo, bestela, gizartez@lasarte-oria.org helbide elektronikora idatzi.

Erlazionatuak